Donapaleu (Baxe Nafarroa)

102 ikaslek Amikuzeko Ikastolako gelak beteko dituzte aurten

Haiekin batera 8 irakasle, 4 laguntzaile eta ahalmen urriko laguntzaile bat ernatu dira ikasturteko lehen eguna ontsa pasa dadin astelehen honetan. Demografiaren apaltzea geroz eta gehiago aipatzen delarik, Amikuzeko zenbakiak onak agertzen dira.

102 ikaslek Amikuzeko Ikastolako gelak beteko dituzte aurten
Amikuzeko Ikastolak bere atea 102 haurrer ideki die aurtengo sartzearen kari. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/09/02 12:12

Negar, irri, estresa, kilikadura, lehia... Emozioz betea izan da 2025-2026 ikasturteko sartzea Amikuzeko ikastolan. Astelehen honetan, 102 amikuztar gaztek haien sartzea egin dute Donapaleuko ikastolan. Haiekin batera 8 irakasle, 4 laguntzaile eta ahalmen urriko laguntzaile bat, joan den astetik jadanik, ernatu dira ikasturteko lehen eguna ontsa pasa dadin.

Lehen aldia batzuendako, usaiako momentu bat beste batzuendako: urte guziz bezala emozio frango nahasi dira ikastolako pasabideetan. Zaharrenak berantetsi baldin baziren lagunen berriz atxemaiteko, aita eta amarekin lortu behar zen bereiztea momentu mingarria izan da ttipienendako zein guraso gazteendako.

Egunean zehar emozioak fite lañotu dira, eta eguneroko ohiturak atxeman dute ikasle amikuztarrek. Gela beteen aitzinean ibiltzean, konstatazio bat egin du ekipa pedagogikoak: Amikuzeko ikastola osasun onean da. Azken urteetan emendatzen ari den demografiaren apaltzeari begira, ikasle kopuruaren apaltzeak aurreikusiak ziren. Alta Amikuzeko zenbakiak onak dira. Zenbaki zehatzer dagokienez, beheititze ttipi bat kausitu dute, lehen mailan zazpi ikasle baizik ez baitira sartu aurten, hamazazpiren kontra iaz. Alabaina, beste eskualde edo ikastoletatik heldu diren haurrer esker, kopuru orokorra mantentzen da momentukotz.

Aurten usaian baino azkarkiago, lehentasuna euskarari emanen dako Amikuzeko ekipak. 3 urteko proiektu bat plantatzen ari dira ikastolako kideak, tresna eta baliabide berrien sortzeko, haurren arteko harremanak errazkiago euskaraz egin dadin. Haurren hiztegia, usaiak eta lurraldeko kulturari buruzko jakintza aberastu nahi dituzte lan horren bidez.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu