Arrosa (Baxe Nafarroa)

“1518 dantza ozeanoa” egiazko gertakari batetatik josia den ikusgarria, Arrosan buruilaren 21ean

“1518ko dantza izurritea” oinarri duen ikusgarri berezia izanen da buruilaren 21ean Arrosan. Arrosa kultur elkarteak luzatzen du hitzordua, duela 50 bat urte herriko zinema gela biziarazteko sortua, eta ordutik kultur elkarte bilakatu dena.

“1518 dantza ozeanoa” egiazko gertakari batetatik josia den ikusgarria, Arrosan buruilaren 21ean
Arrosa elkarteko Jean Michel Rodriguez. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/09/16 10:27

Dantza, antzerki eta musikaren bidez, Estrasburgon gertatutako dantza-epidemia dramatizatuko da. 1518ko uztailean hasi zen dena, Troffea izeneko emazte batek Estrasburgoko karrikan dantzan hasi zenean. Pixkanaka beste batzuk juntatu zitzaizkion; aste baten buruan 30 inguru ziren, eta hilabete baten buruan 400 bat alderat dantzan, batzuk hil arte. Garaiko testuen arabera, egunero 15 bat pertsona hiltzen zen bihotzekoaren, garun-isuriaren edo akidurarengatik. Artxiboetan orduko medikuen dosierretan edo elizako predikuetan aurkitzen dira testu hauek.

Dantza izurrite honetaz esplikapen argirik ez da gaur egun oraino. Batzuen arabera natural kanpotik fenomeno arraroa izan zela diote; beste batzuek orduko hazkurritik heldu zela onddo mutzidun batek efektu psikoaktiboak izan zituela, eta beste zenbaitek “estresak sortutako psikosia” izan zela.

Gertakari historiko hau abiapuntu harturik sortua izan da “1518 dantza ozeanoa” ikusgarria. Lau artista ariko dira taula gainean: dantzariak eta musikariak. Ikuskizuna 17:30etan izanen da, Arrosako plazan. Euria balitz, ezker paretan emanen da. Ikusgarriaren ondotik: latino kontzertua, taloak eta ostatu. Argibide gehiago eman dauzkigu Arrosa elkarteko Jean-Michel Rodriguezek.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu