Claude Martinez historialari urepeldarrak “1856ko Baionako ituna eta hunen ondorioak” mintzaldia emanen du maiatzaren 30ean, 20:00etan, Urepeleko Amerikanoinian.
XIX. mendeko mugaldeko bizimoldea, mendien baliapena eta laborantxaren antolaketa izanen ditu hizpide maiatzaren 30eko mintzaldian. XIX. mendean Frantzia eta Espainiaren arteko muga finkatu zelarik, ondorio garrantzitsuak izan ziren mugaldeko herritarrentzat. Bereziki, mendien baliatzeko moldeetan eragin handia izan zuen, ordura arte ohikoak ziren hainbat praktika mugatuz. Kabalak muga gaindituz bazketara eramatea, adibidez, ez zen gehiago lehen bezain errexa.
Egoera horren aitzinean, bi estatuen artean hitzarmen berezi bat adostu zuten 1856an: Baionako ituna. Hitzarmen horrek mendietako bazka-eskubideak eta baliapen-eskubideak arautu zituen, mugaldeko herrien beharrak kondutan hartuz.
Itun horretan du oinarria gaur egun ere ezaguna den Urepeleko markak. Claude Martinezek azaldu duenez, hastapenean Urkiagako marka deitzen zen, han egiten baitzen kabalen markatzea. Gisa bereko sistemak baziren bertze zenbait tokitan ere. Baigorriko laborariek Luzaidera eramaten zituzten kabalak, eta han egiten zen Luzaideko marka. Orriako marka ere erabiltzen zuten Baigorri eta Baztan aldeko laborariek bortura igorritako kabaleentzat.
Historialariak ikertu dituen artxiboetan ageri dira garai hartako laborarien izen-deiturak, etxeen izenak eta kabala kopuruak ere. Dokumentu horien bidez, duela 170 urteko laborantza eta gaur egungoa arras desberdinak direla erakusten da.
Lekuez, jendeez eta kabalez ariko da Claude Martinez mintzaldian, mapa, dokumentu eta argazkien laguntzarekin. Hitzordua maiatzaren 30ean izanen da, 20:00etan, Urepeleko Amerikanoinian. Deneri idekia da.