Donapaleu (Baxe Nafarroa)

2025eko kontuen kudeaketa ona mantendu du Donapaleuko herriko etxeak

Joan den otsailaren 5ean bildu da Donapaleuko herriko etxeko batzordea, labur izan bada ere, gai franko landu eta bozkatu dituzte, hala nola, urteko kontuak.

2025eko kontuen kudeaketa ona mantendu du Donapaleuko herriko etxeak
Donapaleu. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2026/02/10 06:00

Donapaleuko herriko etxeko hautetsiak bildu dira joan den otsailaren 5ean. Bilkura laburra izan bada ere hainbat aipagai landu eta bozkatu dituzte, besteak  beste, urteko kontu administratiboak eta kudeaketakoak: kudeaketa sanoa ukan du herriko etxeak, inbestizamendu eta xahutzeen arteko oreka sanoa kausitu baitute. Kontu orokorra, hilerriarena eta Bideak Kulturguneak denak barne-hartuz.

Hiri Elkargoak ematen dituen diru-laguntzak bozkatu dituzte hautetsiek: Donapaleuko eskola publikoko isolatze-lanetarako, bai ere, bizikleta-ibilbideak garatzeko.

Baratzezaintzan aritzeko lanpostua ofizializatu dute eta eskola publikoaren isolatze-lanen egiteko eta bizikleta-ibilbideen garatzeko Hiri Elkargoak ematen dituen dirulaguntzak bozkatu dituzte.

Bestalde, herriko etxeak eta Baxe Nafarroako museoko lagunak elkarteak elkarlan luzea egin ondotik, hitzarmen bat izenpetu dute: Bideak kulturgunean diren bildumak elkartearenak izaten segituko dute, baina herriko etxeak du haien zaintza segurtatuko.

Batzordeen puntua ere egin dute: 2020az geroztik, Don Bosco elkartearen bidez, 35 etorkin jin izan dira Amikuzerat, eta haietatik 15 Donapaleun laketu eta integratu dira.

Essor Basque bizikleta lasterketa pasatu -berri da; eta horri loturik, Donapaleuko besten karietara bizikleta-lasterketa bat antolatuko duela Donapaleuko bizikleta taldeak.

Oroitarazi dute ere Korrika martxoaren 19an pasako dela Donapaleutik eta euskara taldeen arteko elkarlana eginen dutela bere errezibitzeko besta ederrean.

Martxoaren 9an, Bideak kulturgunean bertso-emanaldia izanen da Bertsolarien Lagunak elkarteak akuilaturik Donapaleuko eskolekin. Bertsolaritza Txapelketa saioa izanen da urriaren 3an. Bukatzeko, eraikuntza-baimen-eskaerak zein izan diren berrikusi dute.

Interesgarri izanen zaizu