“Estatu zapaltzaileen aitzinean, herri erresistentzia!” lelopean, apirilaren 26an ospatuko da egun handia, eta hilabete osoan zehar Kulturaldi oparoa izanen da.
2026ko Nafarroaren Eguna apirilaren 26an iraganen da Baigorrin. 1979an lehen aldikoz antolatu zenetik, hitzordu honek euskal kulturaren eta herri erresistentziaren bilakaera islatu du. Antolatzaileen arabera, kultura eta erresistentzia alderat aldatzen badira ere, ez dira sekulan desagertu, eta Nafarroaren Egunak bizirik dirautela erakusten du. Hala ere, Basaizeak oroitarazi du Euskal Herriak oraindik ere bi estatuen artean bizi dela, eta horrek egunerokoan ondorioak badituela: hizkuntza eskubideen urraketak, euskararen kontrako presioak eta kultur sorkuntzarako zailtasunak. Gainera, eskuin muturraren diskurtsoen gorakadaz ohartarazi dute.
Nafarroaren Eguna, Baigorrin hiru gunetan banatuko da. Goizean, gaineko plazan merkatuarekin hasiko dute eguna, eta 11:00etan desfilea izanen da; ondotik, ekitaldi nagusia eginen da. Arratsaldean, haurren eta familien xokoak animazioak eskainiko ditu, eta 15:00etan bertso saio musikatua izanen da. Behereko plazan, berriz, musika izanen da nagusi: txarangak eta kontzertuak eginen dira goizetik gauera, eta eguerdian bazkari herrikoia ere antolatuko dute.
Kulturaldia
Nafarroaren Egunaren kari, apirilaren 4tik 30era Kulturaldia eginen da, zazpi ekitaldirekin osatutako egitarau aberatsarekin. Antolatzaileek azpimarratu dute halako eskaintzak beharrezkoak direla, euskal kulturak oraindik leku urria baitu.
Egitaraua apirilaren 4an abiatuko da, Izeba Txirrita antzezlanarekin. Ondotik, apirilaren 10ean Ttunttuneroen gizartea liburuaren aurkezpena izanen da. Antzerkiak segida izanen du apirilaren 12an, Nor naizen baneki lanarekin.
Apirilaren 17an Kneecap filma proiektatuko dute, eta biharamunean Altxalili kolektiboaren ikusgarria eskainiko da. Bezperan, apirilaren 25ean, Batuz koruak eta Emakumende orkestrak kontzertua emanen dute Baigorriko elizan. Azkenik, apirilaren 30ean Xak Bakarkaren kontzertuak itxiko du Kulturaldia.