Euskara gara jantzi nahi baduzue, paradak izanen dituzue laster. Amikuzeko gau eskolak 24. Korrikako jantzi-salmenta antolatu baitu Amikuzen, azaroaren 29an, abenduaren 1ean, 3an eta 4an
Lasterka jinen da 24. Korrika: 2026ko martxoaren 19an abaituko baita Atharratzetik, eta, bururatuko, martxoaren 29an, Bilbon.
Hurbildu artean, haatik, hainbat ekimen antolatzeko usaia du AEKk (Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea). Hala nola, Amikuzeko gau eskolak proposatzen dituen bi jantzi-salmenta.
Alde batetik, azaroaren 29an, Aiziritzeko eguberriko merkatuan erosteko parada izanen da egun osoan; 10:00etatik 18:00etara, eta bestalde, Amikuzeko gau eskolan berean, Gambette karrikako 36. zenbakian, abenduaren 1ean, 3an eta 4an, 15:00etatik 18:00etara.
Ez da dudarik Korrika baitezpadakoa zaiola AEKren ibilerarako, bai ekonomikoki, baina baita izpiritualki ere bai.
Oroitaraz dezagun 24. Korrikaren lema Euskara gara dela eta hona hemen mezua:
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…
Xehetasun gehiago nahi duenak hemen egin dezala klik.