Aurtengo Korrika Atharratzetik abiatuko da martxoaren 19an, arratsaldeko 15:30tan, eta hamar egunen buruan Bilbon bururatuko da, martxoaren 29an. Garazi-Baigorriko lurraldeari dagokionez, 29 kilometro eginen ditu, Bidarraitik Arnegira.
Atharratzetik abiaturik, Mauleko bidea hartuko du; ondotik Amikuze, Hazparne eta Luhuso zeharkatuko ditu, eta berriz ere Baxenabarren sartuko da, Bidarraitik goizeko oren batean pasatzeko.
Batzuei gauaz korrika egiteak kezka sortzen badie ere, AEK-ko Maialen Errekartek alde baikor anitz azpimarratzen ditu: « Gau betean, euskararen aldeko atxikimendu sendoa duten lagunak bide bazterretan biltzen dira; eta, gainera, gaueko ilunak eta isiltasunak xarma berezia ematen diote ekimenari, Korrika barne-barnetik eta sakonkiago biziaraziz. »
Beraz, 29 kilometro Garazi-Baigorrin barna, Arnegitik Nafarroako lurraldera sartu aitzin. Lekukoa eraman nahi duten elkarteek badakite oraindik kilometroak badirela hartzeko ibilbide zati horretan.
Korrika Kulturala Garazi-Baigorrin
Korrika aitzin, Korrika Kulturaleko hitzorduez gozatzeko parada izanen da. Garazi-Baigorrin bi ekitaldi nagusi antolatu dira:
Martxoaren 12an, zine-pote gaualdia: “Ez gera alferrik pasako” film dokumentalaren proiekzioa, eta ondotik kantaldia, Lurdes Iriondo eta Maite Idirinen kantuak eskainiko dituzte Maialen Alfarok, Maider Bexagarrek eta Naia Roblesek, Donibane Garaziko zineman.
Martxoaren 15ean, Ortzaizen haurren besta handia antolatuko da.
Martxo hastapenean ere Korrika Ttipiak eginen dira eskualdez eskualde. Garazi-Baigorri lurraldean lau izanen dira, eta orotara 900 bat haurrek parte hartzea espero da.
Azkenik, jakin Korrikako bizkarrekoak jada salgai direla AEK Garazi-Baigorriko gau eskolan.