Arberatze-Zilhekoa (Baxe Nafarroa)

25 urte ondotik, Arberatzeko auzapezgoa utziko du Sauveur Bachok

Bere bidea beste manera batez segitu nahi du hautetsiak. Hala ere, transmisioa bermatuko du zerrendan kontseilari egonez. Pierre Guichaoua gaur egungo axuantak du segida hartuko. Bere ibilbidea eta azken mandatu horren bilana egin dugu.

25 urte ondotik, Arberatzeko auzapezgoa utziko du Sauveur Bachok
Sauveur Bacho 2001etik auzapeza da Arberatzeko Herriko Etxean. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/02/20 19:44

Amikuzen beste herri pare batean gertatzen den bezala, aspalditik Arberatzeko herriko etxean den auzapezak bere lekua utziko du. Sauveur Bacho 2001etik auzapezgoan da Arberatzen. 25 urtek eramaiten du honat, eta orain trantsizioa egiteko momentua da. Pierre Guichaoua, bere axuantak du segida hartuko.

2020an, joan den hauteskundeetan dudak bazituen auzapezak, batez ere haien zerrendako axuant bat, Mattin Lamarque, zendu zelakotz. Azken finean, segitu zuen, eta aurten lekukoa pasatzea erabaki du, ekipa gazte eta motibatu bati lekua utziz. Hala ere, zerrendan egonen da Bacho, transmisioaren bermatzeko. Bere erranetan, parada izanen da bere hurbilekoekin gozatzeko, baita beste manera batez engaiatzeko, hautetsi izaitea ez baita aukera bakarra herrien alde lan egiteko, baizik eta elkarte desberdinetan engaiatuz adibidez.

Martxoko hauteskundeetan, zazpi izen berrik eta bost izen ohik osatuko dute hamabi izeneko zerrenda - sei emazte eta sei gizon. Pierre Guichaouak jadanik lana ezagutzen du, Bachoren hurbil egon dela eta, eta parada izanen da gaurko zerrendaren proiektu batzuen segitzeko.


25 urte ondotik, garaiak aldaturik...

Lau kargualdi bete ditu Bachok. Lehen mandatua eta azkenaren artean desberdintasunak ikusi ditu, eta auzapezaren lana aldatu dela ohartu da, gizartea eta jendeekin batera. Arberatzeko herritarretaz gain, 2017ko Euskal Elkargoaren sortzeak sortutako aldaketak azpimarratu ditu, eta batez ere herrien bizian eginbeharrak eta funtzionamenduaren kanbiamenak.

Jendartea, auzapezen lana, betebeharrak aldatu badira, elkarbizitza lehentasuna egoiten da. Lehen zerrendaren izena “Elkarrekin Bizi”, aurtengoa “Elkarrekin Aitzina”. Desberdintasunen indarra baliatu nahi dute, jende berriak onartuz. Eta alderantziz, jende horiek herriko bizian integratu behar dute.


Kargualdi kargatua, eta arrakastaz beterik

Azken mandatuaren bilanaren egiteko momentuan, nola ez, EHZ festibalaren etortzea aipatu behar izan dugu. Arrakasta handia lortu du festibalak, herritarrendako zein festibalariendako.

Bestalde, etxebizitzer buruz lan handia eraman dute. 2012an jadanik, Office 64 egiturarekin, hamar bizitegi berri sortu zituzten. Azken urte horietan, hamar egitura berri eraiki dituzte, horietarik bederatzi saldurik jadanik. Orain, belaunaldien arteko etxe baten proiektua eramaiten ari dira, zazpi T2, bi T4 eta bi T3. Horrez gain, Arkade bastimendua ere aitzinatzen ari dira, diru laguntzen beha. Proiektu horiek jadanik hasirik dira, gazteak herrira hurbilarazteko asmotan, eta ondoko kargualdietan segitzekoak dira.

Funtzionatzen duen estrategia da, zenbakier begira. Duela zazpi urte, 260 herritar baziren Arberatzen, 340 dira gaur egun. Kopuru horren gorakadaz gain, duela aspaldi ez zuten lortu haur kopuru bat lortu dute herriko eskolan, 25 haurrekin. Sauveur Bachoren ikuspundutik, garapenaren alde indarrak egiten direlarik, ondorioak ikusten dira, eta zenbaki horiek froga dira. Emeki jinarazi eta integratu nahi dituzte herritar berriak, ito gabe... Donapaleuren ondoan izaiteak laguntzen du garapen horretan, baita herriaren erdian plantatutako egiturak ere.

Interesgarri izanen zaizu