Joan den larunbatean, Gabadiko herriko etxeak Ertorainia etxeko obrak estreinatu ditu. Etxe handi hortan, bost bizitegi sozial egin dira SOLIHA egiturarekin.
Gabadiko plazan, elizaren sahetsean aurkitzen da Ertorainia. Etxe handi bat da, 400 metro karratuko azalera duena. 2017an salgai ezarri zuelarik jabe ohiak, promotore bati uzteko ordez herriko etxeak Ertorainia erosi zuen 150.000 eurotan. Eta etxe horretan bizitegien egiteko xedea agertu zen herriko kontseiluan, bereziki gazteak herrian atxikitzeko edo jinarazteko.
Mailegu handi eta luze bat egiteko ordez, SOLIHA egiturarekin aritzea erabaki zuten. Orotarat 750.000 euroko obrak, eta horretatik %62 diruz laguntzen medioz. Bizitegi sozial berri hauek, Gabadiko gazteentzat eta etxebizitza bat behar duten herritarrentzat eginikoak dira. Alokairuaren prezioak 250 eta 370 euro artean finkatu dira. Bizitegiak alokatzeko baldintza batzuk ezarri dira, herriko etxebizitzetan lehentasuna izateko, eta, hala, Gabadiko biztanleria handitzeko eta gazteak atxikitzeko helburuarekin.
Bestalde, ber xedearekin herriko etxeak 3000 metro karratuko lur eremu bat erosi du, laster lur eraikigarri sailkatuko dituenak. Jean-Louis Prébendé herriko auzapezarekin, Panpi Etxart kontseilariarekin eta herritar xahar eta gazteekin mintzatu gira.