Erien eta pertsonen bizi kalitatea hobetu beharko lukeen berrikuntza bat da hau. Baziren urteak osasun profesionalek erreforma hori galdegiten zutela, eri guziek ber eskubideak ukan ditzaten, orain arte, prezioa usu oztopo bat bilakatzen zela eta.
Abenduaren lehenetik goiti, gurpil aulkiak edo kadera errotadunak osoki ordaintzen ditu gizarte segurantzak. Urte hastapenean onartu zen legea, abendu hastapenean aplikatzen hasi dena. Orain arte gurpildun aulkien erabiltzaileek pairatzen zuten zuzengabekeria konponduko du erreforma horrek.
Baziren urteak profesionalek erreforma galdegiten zutela, kadera errotadunek topatzen dituzten zailtasunen murrizteko. Orain arte segurantzek ber diru zama itzultzen zieten pazienteer, edozein kaderarendako eta beraz preziorendako. Jakin behar da eskuko gurpil aulki batek 300 €-tik 6 000 €-ra balio duela, eta elektrikoek 4 000 €-tik 30 000 €-ra.
Hori dela eta, beharrezkoak ziren ekipamendu batzuk errefusatzen dituzte pazienteek, prezioa emendarazten baitute, eta ez baitziren gai pagatzeko. Erreformari esker, gizarte segurantzak kadira guzien prezio osoa bere gain hartuko du. Horri esker, pazienteendako aisetasunarendako beharrezkoak diren ekipamendu guziak ere finantzatzen ahalko ditu, pazienteak izan dirudunak edo finantzia mailako arrangurak dituztenak.
Haien bizi kalitatea hobetu beharko luke erreformak, haien gurpil aulkia ez baita gehiago bakarrik ekipatua izanen bizirik irauteko, baizik eta baldintza onetan bizitzeko. Aktibitate eta aisialdier ere egokituko da diru laguntza, behar duten pazienteer eguneroko kadera errotaduna pagatuko dakotelako, baita kiroleko aulkia ere.