Adinarekin lotutako makula-degenerazioa edo DMLA eritasunari buruzko sentsibilizazio egunaldia izanen da ekainaren 3an Donapaleuko Bideak Gunean. Eritasuna ezagutaraztea, detekzioa bultzatzea zein laguntzak aurkeztea izanen dute xede egun osoan.
Adinarekin lotutako makula-degenerazioa edo DMLA eritasunari buruzko sentsibilizazio egunaldia izanen da ekainaren 3an Donapaleuko Bideak Gunean. Donneurs de Voix elkarteak eta DMLA elkarteak antolaturik, egun osoan mintzaldiak izanen dira eritasuna eta bere sentsibilizazioaz solastatzeko.
Adinarekin lotutako makula-degenerazioa begiko eritasuna kroniko bat da, erretinaren erdialdea hunkitzen duena. 50 urtetik goiti garatzen da, eta adinekoen ikusmen-urritasunaren kausa nagusia da. Izan ere, 75 urte baino gehiago duten pertsonen %30 hunkitzen du INSERMaren arabera. Adinaz gain, tabakoa eta joera genetikoa ere arrisku-faktore inportanteak dira.
Eritasun anitz bezala, DMLA goiz detektatzeak tratamendu osoa aldatzen ahal du. Horregatik, eta jendartearen parte handia hunkitzen eta hunkitu baitu, sentsibilizazio eguna antolatzen dute Donapaleun ekainaren 3 honetan. ‘Donneur de Voix’ eta ‘Bibliothèque Sonore de Biarritz’ elkarteek dute xede hori eramaiten, DMLA elkartearekin batera, haien publiko parte handia baita DMLA eritasuna pairatzen duena. Ikusmen-urritasunarengatik, irakurtzea gogorra edo ezinezkoa bilakatzen zakote, eta audio liburuak aterabide hoberenetariko bat bilakatzen da: ‘Donneur de Voix’ eta ‘Bilbiothèque Sonore’ elkarteek proposatzen dutena.
Ekainaren 3an, egun osoan beraz, mintzaldiak iraganen dira Donapaleuko Bideak Gunean. 10:00etarik goiti, aipatutako elkarteek gaia jorratuko dute. 14:30etan Frédéric Hamon medikuak konferentzia emanen du, eritasunaren azaltzeko, baita ikertzen ari diren tratamenduak eta laguntzak. Azkenik, egun osoan, irakurketari lotutako ‘Liburuak’ eta ‘Gogoa Erne' Donapaleuko elkarteak lekuan berean egonen dira haien aktibitatearen aurkezteko.