Aldude (Baxe Nafarroa)

AIBA elkarteak kudeatuko du Olha etxea, Aldude ibarreko ekonomia gune berria

Euskal Elkargoa da eraikitzen ari Olha ekonomia gune hau Bankan. Eta jaz AIBA elkartea hautatu zuen gune hunen kudeatzaile gisa. Erronka berri horri loturik, AIBA elkartearentzat bulego baliatzaile eta profesionalen atxemaiteko garaia jina da.

AIBA elkarteak kudeatuko du Olha etxea, Aldude ibarreko ekonomia gune berria
AIBA elkarteko Maika Alfaro eta Amaia Hirigarai - IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/02/26 14:26

AIBA (Aldudeko Ibarra Beti Aitzina) elkartea Banka, Aldude eta Urepeleko herritarrek sortu zuten. Hiru herrietako biztanleek elgarrekin eraiki zuten egitura hau, ibarraren biziaraztea helburu nagusitzat harturik. Elkartearen gogoeta nagusiak: zer aldatu, zer ekarri edo zer hobetu behar den, kanpotik etortzen diren biztanle berriak ongi integratzeko, baina aldi berean hemen sortu diren herritarrek ibarrean segi dezaten bizitzen. Helburu horrekin, hainbat lan-ardatz eta zerbitzu ezarri ditu plantan AIBAk.

Gaur egun, elkarteak 59 kide kondatzen ditu, 10 elkarte ordezkari eta 32 profesional. Jaz antolatu dituen ekitaldien artean dira, besteak beste, elkarteen eguna, biztanle berrien ongi-etorri eguna, Kintoa Kurri lasterkaldia, edo Euskoaren baliapena hiru herrietako etxeetan.

Aurten ere egitasmo handiak ditu AIBAk, horien artean Ibarreko Ate Idekiak, bi urtetarik antolatzen dituenak ;  feria handia,beraz aurten urriaren 8tik 11ra iraganen da.


Olha etxea, AIBA elkartearen desafio berria

AIBArentzat erronka berria da Olha etxearen kudeaketa. Euskal Elkargoak eraikitzen duen eraikineko obrak heldu den udan bururatuak izan beharko lirateke.

Bi estaietako bastimendua izanen da:

  • Lehen estaian: bulego desberdinak eta bi bilkura gela handi.

  • Gaineko estaian: arta munduari idekiak izanen diren bi gela, Kinto euskal xerri sindikateko bulegoak, eta interpretazio zentro bat.


Lan egiteko baldintza egokiak eta prezio arrazoinduak

Olha etxeak hainbat erabilpen-formula eskainiko ditu: urte osorako, hilabeteka edo egun bakarreko alokairuak. Baliatzaileek lan-leku ekipatuak ukanen dituzte, internet sare onarekin, sukaldea eta beharrezko azpiegiturak barne.

Alokatze prezioak Euskal Elkargoak finkatu ditu, eta arrazoinezkoak dira, helburua delarik: mendiko herri ttipi batean kokatua den ekonomia gune hau bizi dadin.

 

Interesatua dena AIBA elkartearekin harremanetan jar dadila, Bankako herriko etxera deituz.

Juntatu erreportaian, mintzalariak AIBA elkarteko Maika Alfaro eta Amaia Hirigarai

Interesgarri izanen zaizu