Donapaleuko Aldaka gaztetxeak ez duenez gehio lokalik, karabana batean mugituko da Amikuzen gaindi hurrengo hilabeteetan. Lehen hitzordua Gabadin iraganen da, Les Ramoneurs de Menhirs talde famatuarekin.
Haren lokal ohitik kanporatua izan geroztik, Donapaleuko Aldaka gaztetxeak bere lehen gaualdia antolatuko du apirilaren 26an, ibiakoitzarekin, Gabadiko gelan. Toki finkoa atxeman arte, zenbait hilabetez gaztetxea ibiltaria izanen da, eta Amikuzen gaindi Aldakarabana gurutzatzen ahalko dugu. Karabana hori berreskuratzea deliberatu dute gaztetxeko kideek, haien dinamikaren atxikitzeko. Uda honetan, kontzertuak eta trukaketa gune desberdinen plantatzeko xedea dute. Gaztetxearen dinamika mantentzeaz gain, Amikuzeko euskalduner euskaraz aritzeko, bizitzeko, eta trukatzeko leku bat segurtatu nahi diete.
Amikuzen, arnas gune hori behar dugu, euskaldunentzat batez ere. Mugitu eta gauzak aldatu nahi ditugu.
Alabaina, karabana ibiltaria ez da berrikuntza bat Iparraldeko gaztetxeen historian. Hain zuzen, Aldakak berreskuratuko duen karabanak esperientzia baitu arlo honetan, Hazparneko Ttattola gaztetxeak covid garaian baliatzen zuelako, amikuztarren gisa, hazpandarrak lokalik gabe egon zirelarik eta baten xerkan. Ondotik, EHZk ere festibalean baliatu ukan zuen.
Apirilaren 26an, ibiakoitzarekin, Aldakarabanak Gabadiko bidea hartuko du. Ohidura, punk eta rock estiloak nahasten dituen bretainiako Ramoneurs de Menhirs taldea, Karma eta Dj Infernu eszenaren gainean izanen dira. Lekuak jadanik salgai dira HelloAsson. Jatekoa izanen da, Xiberuko Palestina aska elkartearen eskutik.