Lurrama aitzin antolatuak diren zine gaualditako bat Donapaleun iraganen da. Hain zuzen, Azaroaren 2an, astelehenarekin, 8ak30tan Donapaleuko zine gelan. Marc Khannek ekoitziriko "Cultiver la pluie" deitutako dokumentala proiektatuko dute.
2022an bizitako beroteek uraren kudeaketaren inguruan zerbait egiteko beharra sentiarazi zieten dokumentalaren egileei. Horretarako, Marc Khannek beste bi lagunen laguntza izan zuen: François Rouillay eta Sabine Becker.
Frantziako hainbat tokitan barna ibili dira, ura atxikitzeko eta baliatzeko teknika alternatiboak filmatzen. Bide batez, Cabo Verdeko errealitatea ere erakutsi nahi izan dute. Izan ere, bertako Maio uhartean azken 13 urteotan ez du euririk egin. Leku aproposa zen, beraz, euririk ez egiteak zer-nolako ondorioak dituen ikusteko, baina baita egoera horri aurre egiteko har daitezkeen neurri eta alternatiba baikorrak ezagutzeko ere.
Dokumentalaren egileen arabera, aurtengo udan bizi izan ditugun beroek erakusten dute etorkizuna ez dela erraza izango. Hala ere, aterabideak badirela azpimarratu nahi izan dute filmaren bidez. Horrez gain, izenburu bera duen liburua ere argitaratu berri dute: Cultiver la pluie.