Aldude (Baxe Nafarroa)

Aldudeko ibarrak bere ateak ideki ditu asteburuan

Aldudeko ibarrak bere ateak ideki ditu asteburuan, Aldude, Urepele eta Banka herrietan barna. Kabala lehiaketak, ekoizleen merkatua, pilota partidak, kantaldiak eta beste hainbat animaziok osatu dute egitaraua, ibarreko bizia agerian emanez.

Aldudeko ibarrak bere ateak ideki ditu asteburuan
Aldudeko ibarrak bere ateak ideki ditu urriaren 9tik 11ra “Bakarrik fiteago, elgarrekin urrunago!” lemapean. IRULEGIKO IRRATIA
Mattin Lerissa
2026/10/11 11:49

Asteburuan, hiru herrietako biztanleek eta bisitariek hitzordu franko ukan dituzte Aldudeko ibarrean. Ostiraletik igandera, eskoletako haurren topaketek, kabala lehiaketek, kirol erakustaldiek eta kultur ekitaldiek animatu dituzte Aldude, Urepele eta Banka. Enpresen bisita gidatuak, erakusketak eta ekoizleen merkatuak ere antolatu dituzte, ibarreko jarduera ekonomikoaren eta tokiko jakitatearen ezagutzeko.

Kabalak eta tokiko ekoizpenak lehen lerroan

Ate idekien hitzordu nagusietako bat larunbat goizean iragan da, Aldudeko plazan, kabala lehiaketarekin. Han bildu dira 140 behi, 747 ardi eta 45 zaldi, baita ahuntzak eta xerriak ere. Alfaroineko joko berrian gasna lehiaketa egin dute, eta egun osoan etxe ekoizleen merkatua izan da. Bisitariek, beraz, ibarreko ekoizpenak ezagutzeko eta dastatzeko parada ukan dute.
Ebiakoitz goizeko kabala erakusketan ibarreko 140 behi, 747 ardi eta 45 zaldi, baita ahuntzak eta xerriak agerian. IRULEGIKO IRRATIA

Bertsu karrikaldia ere antolatu dute egun guzian, Haira Aizpurua Ibargarairekin eta Mizel Mateorekin. Bazkaltzeko, hiru herrietako ostatuak ideki dira, eta taloak eta laster-jatekoak ere eskaini dituzte hainbat tokitan.

Alduden berean, pilota partidak jokatu dituzte arratsaldean, Alfaroineko joko berrian. Lehenik, Perkain pilota eskolako gazteak aritu dira. Ondotik, emazteen palazko partida jokatu dute Maitena Larrek eta Lilou Aurnaguek, Amaia Arretche eta Irune Urricarieten kontra. Gizonen eskuzko partidan, berriz, Julen Mariluz eta Iker Espinal Peio Larrechea eta Unai Etcheverryren aurka lehiatu dira.

Urepele eta Banka ere animazioz beteak

Urepelen, haurrei zuzendu animazioak eta kultur hitzorduek hartu dute lekua. Plazan, Iruñeko Duguna taldeak dantza ikusgarria eskaini du arratsaldean. Egunaren bururatzeko, kantaldia izan da Urepeleko elizan. Aire Ahizpak eta Menditarrak taldeak aritu dira, baita haur kantu txapelketan parte hartu duten ibarreko haurrak ere.
Ibarreko kantari gazteek Irulegiko Irratiak eskaini zuzeneko saioa girotu dute. IRULEGIKO IRRATIA

Igandean Bankan, Kintoa Kurri ibilaldia abiatu da, eta ondotik lasterkaldia egin dute. Aldudeko Sanoki zinegelan, Perkainen Itzalean dokumentala estreinatu dute. Esnausun, berriz, artzain xakur txapelketa egin dute.

Interesgarri izanen zaizu