Amendüze-Unaso (Baxe Nafarroa)

Amendüze Unasoko herritarrak “Herri ttiki infernu handi” emankizuneko izarrak

EITBko emankizun famatua Amikuzera jin da hilabete honetan. Otsailaren 10ean Amendüze Unason ziren EITBko ekipak, sei herritarren egunerokoaren segitzeko. Joan den asteazkenean, filmatutako irudiak Amendüze Unasoko biztanleer aurkeztu dizkiete.

Amendüze Unasoko herritarrak “Herri ttiki infernu handi” emankizuneko izarrak
Mikel Pagadi, Miren Nogales, Ttele Leizagoien, Bittor Thicoipe, Iñaki Incagaray, Dominique Mirailh, Gexine Thicoipe eta Jean Claude Mailharin Amenduzen egindako proiekzioan. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2026/02/23 15:02

“Herri txiki infernu handi”, EITBko emankizun famatua Amikuzera jin da hilabete honetan. Otsailaren 10ean Amendüze Unason ziren EITBko ekipak, herri ttipiko sei pertsona segitzeko haien egunerokoan. Joan den asteazkenean, filmatutako irudiak Amenduze Unasoko herritarrer aurkeztu dizkiete, bertsoz eta umorez alegeraturik.

Emankizun ezagunaren 12. denboraldia da aurtengoa. Beti ber izpirituarekin jarraitzen dute: Euskal Herriko herri guzietan bizia, harritzekoa eta loriatzekoa badela erakusteko nahian. Ipar Euskal Herrian jadanik ibili badira ere, aurten iparraldeko herri gehiago deskubritu eta deskubriarazi nahi lituzkete. Horren kari, urte hastapen honetan Amendüze Unasora jin dira Bilboko ekipak, eta laster Donapaleun pausatuko dituzte haien kamerak eta mikroak.

Izan ere, kasualitatez egin da Amendüze Unasoko biztanleak eta EITBko ekipen artean. Ahotik beharrira, ausartzia eta motibazioz beterik… Aste zonbaiten buruan, Bilboko ekipak Amikuzeko herriko karrikak eta xokoak jadanik kurritzen ari ziren. Fite ohartu ziren jendea prest zela, eta kondatzekoa bazuela: dena bazuten emankizun polita egiteko.

Harrigarria, irringarria, hunkigarria…

Eta hara izan da! Harrigarria zein hunkigarria izan da Amendüze Unason filmatutako bideoen proiekzioa. Sei herritar segitu dituzte kamerek. Iñaki Incagaray 16 urteko mutikoa, naturaz maitemindua; Dominique Mirailh parapentista eta bere alaba, Celine Mirailh Mila Koroleko artista; Jean Claude Mailharin eihera zaina; Bittor Thicoipe pilotari eta bertsolaria; Gexine Thicoipe sukaldaria; eta Ttele Leizagoien artzaina.

Aroak lagundurik gabe, egun osoan filmatu zituzten sei protagonistak. Oroitzen baldin bazizte, otsailaren 10a egun berezia izan zen, denbora txarra izan baitzen, euriak eta uholdeak Ipar Euskal Herri osoan, baita istripu bat Amendüzen, urak auto bat eramanik. Alta, aktoreek zein ekipek oroitzapen ezin ederrago eta beroagoak atxiki dituzte. Miren Nogales eta Mikel Pagadi aurkezleek herritarren berotasuna, harrera, engaiamendua, eta ausartzia azpimarratu dauzkuten bezala.

Gaualdi beroa, kanpoko iluntasunetik urrun

Grabaketatik at, herritarren aitzinean egindako bideo proiekzioak ere oroitzapen eta momentu azkarrak sortu ditu. Lehen aldikotz protagonistek zein 50 bat auzok bideoak deskubritu dituzte. Nogales eta Pagadiren bakarrizketek eta Sebastian Lizasoren bertsoek giroa berotu dute asteazken gau hartan, kanpoan euria ari zuelarik. Baina Amendüzeko gelan, erauntsiak ez ziren entzuten, irriek eta esku zartek estalirik.

Martxoaren zehar hedatu beharko lukete emankizuna EITBn. Momentukotz martxoaren 15a finkatua da, baina aldatzen ahalko da. Irulegiko Irratian data horren berri emanen dautzuegu.

Interesgarri izanen zaizu