Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Amenduzeko merkatuak artisauak errezibituko ditu bere uda honetako edizioarendako

Iaz bezala, astearte guziz Amikuzeko ekoizleak eta artisauak Amenduzeko gelan elkartuko dira. Bezeroek lekuan berean jateko eta animazio frangoren gozatzeko parada ukanen dute, bai eta zozketan parte hartzeko ere, merkatuko saskiaren irabazteko.

Amenduzeko merkatuak artisauak errezibituko ditu bere uda honetako edizioarendako
Geroz eta mahai gehiago biltzen dira Amenduze Unasoko merkatuan. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/07/10 11:56

Iaz plantatu zuten Amenduze Unasoko merkatua, Amikuzeko ekoizleen eta bezeroen arteko harremanen bultzatzeko. Arrakastari begira, urtean zehar ere sasoinen markatzeko merkatua antolatu zuten, hots hiru aldiz urtean, urtaroko produktuekin.

Zer erranik ez, antolatzaileek ez dute duda handirik ukan aurten ere merkatuaren plantatzeko Amenduzeko gelan. Izan ere, uda honetan ere bai, astearte guziz Amikuzeko ekoizpenak erosgai izanen dira. Iaz bezala, lekuan berean jateko parada izanen da ere, ekoizleek azietak eta edariak proposatuko baitituzte, kanpoko mahainak eta animazio zenbaiten inguruan.

Bigarren urtearendako, berrikuntzak asmatu dituzte aniztasun eta dinamikari dagokienez. Hain zuzen, aurten janariaz gain, Amikuzeko artisauek ere haien sorkuntzak aurkeztuko dituzte. Besteak beste eta irregularki, kosmetikoak, ardi ilezko jantziak, poteria, bitxiak edota kolaketak ikusten ahalko dira.

Beste aldetik zozketa sistema bat plantan ezarri dute. Astearte guziz, gaueko 19:30etan, merkatuan diren bezero guzien artean, batek 20€ko saskia irabaziko du, ekoizleen produktuek osatua.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu