Duela 45 urte sortua, Irulegiko Irratia ezinbesteko erreferentzia da Baxe Nafarroan. 2016an sortu zen Amikuzeko Irratiarekin uhinetan hemengo bizia eta gogoetak xoko guzietara hedatzen dituzte, bi estudioetatik eta jendeari ahal bezain hurbil egonez.
Milaka entzule eta laguntzaileren sostenguari esker iraun dute orain arte, eta bide horretan segitu nahi dute.
Entzuleen sostengua, funtsezkoa
Irratien aitzinkontuaren %20 entzuleen ekarpenei esker biltzen da. Horrek langile bat urte osoz lanaldi osoan enplegatzeko adinako indarra du. Horregatik, urtero bezala, ehundik gora boluntariok etxez etxe egiten duten diru-biltze kanpaina baitezpadakoa da. Aurten, 70 herritan iraganen da, eta Baxenabarretik kanpo lagundu nahi dutenek ere aukera badute irulegikoirratia.eus webgunearen bidez.
Kanpaina, emankizun bereziz eta jokoekin
Kanpainari abiatzea eman zaio otsailaren 7an emankizun berezi batekin. Kalakaldi, bertsuak, jokoak eta kantuak izan ziren egitarauan, Kattalin, Gerard eta Teixa Ihidoiren parte-hartzearekin. Kanpainak irauten duen bitartean, larunbat goizetan, 10:00etatik 11:00etara, jokoak proposatuko dira irratian zuzenean.
Kanpainarekin batera, hainbat animazio antolatu dira
Otsailaren 21ean, Donapaleuko Bideak gunean, Maryse Urruty Amikuztar antzerkilariaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa ikusten ahalko da, 20:30ean (sartzeak 10 €).
Maiatzaren 3an, Armendaritzeko Zuentzat gelan, Baxenabarreko Haur Kantu Xapelketa iraganen da, 6 eta 15 urte arteko haurrei zuzendua. Izen-ematea zabalik da: kantuxapelketa@gmail.com.
Beste hitzordu batzuk ere izan daitezke, eta horien berri emanen da kanpainan zehar.
Egoera ekonomiko ahula, borroka etengabea
Irrati libreen egoera ekonomikoa ahula da. Irulegiko Irratiaren eta Amikuzeko Irratiaren kasuan, estatutik heldu diren dirulaguntzek aitzinkontuaren erdia osatzen dute, eta azken urteetan behin baino gehiagotan mehatxatuak izan dira. Murrizketa proposamen gogorrak izan dira, eta borrokatu behar izan da laguntza horiek atxikitzeko. Testuinguru horretan, entzuleen sostengua geroz eta garrantzitsuagoa da.
Digitalizazioa eta proiektu berriak
Erronka ekonomikoekin batera, irratiak garai berrietara egokitzen ari dira. Beste euskal irratiekin elkarlanean sortutako webgune berriak martxan dira, itxura berrituarekin. Tresneria berritzeko eta digitalizazioari segida emateko proiektuak lantzen ari dira, baita Europako dirulaguntza baten bidez garatu nahi den egitasmo bat ere, irratiaren parte-hartze ekonomikoa behar duena.
Nola lagundu?
Laguntzeko moldeak anitzak dira:
Bakotxak zuzenean parte har dezake kanpainan.
Enpresek emandako diruaren %60 zergetatik kentzeko aukera dute.
Elkarteek, berriz, %66ra arte.
Kanpainak martxoaren 28a arte iraunen du, eta orduan Garazi, Baigorri, Amikuze eta Oztibarreko komertsantek eskainitako sariak zozketatuko dira.
Euskararen aldeko tresna biziak
Irratien helburu nagusietako bat argia da: euskara sustatzea, erabiltzea eta erabilaraztea. Euskararen kontrako erasoak areagotzen diren garai honetan, ezinbestekoa da sortu diren tresnak atxikitzea. Barnekaldeko irrati hauek euskaraz bizitzeko eta mintzatzeko gune gisa, bizirik irautea merexi baitute, kanpaina on guzieri!