Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Amikuzeko mediatekan, euskaraz eta erle beltzaren inguruan hainbat hitzordu urrian

Urria eta azaroan zehar, Erle Beltzak elkartearen argazki erakusketa ikusgai izanen da Amikuzeko mediatekan. Hitzordu horiez gain, joko arratsaldea, ipuin irakurketa eta idazketa taldea ere proposatuak dira.

Amikuzeko mediatekan, euskaraz eta erle beltzaren inguruan hainbat hitzordu urrian
Amikuzeko mediateka. AMIKUZEKO IRRATIA
Artzen Letona
2026/10/08 15:59

Amikuzeko mediatekan hainbat hitzordu izanen dira urrian. Erle Beltzak elkartearen argazki erakusketa urria eta azaroa osoan ikusgai izanen da, eta erlegintzari buruzko liburu batzuk ere bereizi dituzte erakusketa gelan.

Urriaren 10ean, idazketa taldea bilduko da mediatekan. Bestalde, urriaren 21ean joko arratsaldea izanen da. Bidaxuneko ludotekako animatzailearekin batera, Donapaleuko mediatekan ez diren jokoak ezagutzeko parada izanen da. Jokoak aurkeztu eta nola jostatu azalduko du animatzaileak.

Urriaren 28an, aldiz, Maialen Alfaro mediatekara jinen da, 15:30etatik goiti, euskarazko ipuin irakurketa baten egiteko. Horrez gain, hilabeteko lehen larunbat guziz euskara mintza praktika tailerra antolatua da Amikuzeko mediatekan.

Interesgarri izanen zaizu