Amikuzeko lurraldeko hautetsiek azken lau urteetan eraman duten lanaren ondotik, herritarrek oharrak egiteko aukera izanen dute iraileko inkesta publikoan. Urrian, ekarpenak bildu eta aztertuko dituzte, Amikuzeko azken PLUI-aren bertsioa adosteko.
Euskal Hirigune Elkargoak PLUI edo tokiko hirigintza plan interkomunala berria prestatzen ari da Amikuzeko lurraldean, Garazi-Baigorri eta Xiberoako lurraldetik landa. Azken lau urteetan hautetsiek egin lanaren ondotik, inkesta publikoak herritarrei proiektuari buruzko oharrak eta proposamenak egiteko parada emanen die. PLUIaren bidez, besteak beste, etxeak eraikitzeko, enpresen guneak sortzeko edo zerbitzu publikoak ezartzeko erabil daitezkeen eremuak zehaztu behar dituzte.
Lan hori, gainera, Estatuaren helburuek baldintzatzen dute. Legeak zorroztu dira zero artifizializazio helburura heltzeko. Horrek lurraldean erabil daitekeen lur eremuaren inguruko hautuak zailtzen ditu. «Ariketa zaila da: zerbait emaiten badiogu bateri, beste bati atera beharko zaio», azaldu du Anne-marie Bruthe Euskal Hiriguneko presidente ordeak.
Herritarrek beren oharrak aurkezten ahalko dituzte
Inkesta publikoan herritarrek hautetsiek eraman duten lanari buruzko oharrak egiteko parada dute. Alabaina, proposamenak egiteko garaian, kondutan hartu beharko da lana estatutik heldu diren oinarrietatik abiatuta egina dela. Aldaketa proposamenek, gainera, konpentsazio bat ekarri beharko dute. PLUI berria klimaren erronkei lotua da ere, eta lurraldearen antolamenduan horren ondorioak kondutan hartzen ditu.
Amikuzeko hautetsiak suprefetarekin bildu dira, Garazi-Baigorriko lurraldeko PLUIaren inguruan zuzenketak egiteko galdegin baitzien Estatuak. Amikuze hirugarren PLUIa prestatzen ari da, eta hautetsiak baikor agertu dira, aurreko lanetatik ikasitako esperientzia baliatzen ahal dutelako.