Korrika hurbildu ahala, ekitaldiek ere gaindika egiten dute. Ondoko hitzorduak hauek dira: martxoaren 7an, Donapaleun, poteo alaitua, martxoaren 9an eta 13an Korrika ttipiak, martxoaren 16an, Errigora-gaualdia, eta, 20an Korrik'Oztibarre.
Martxoaren 9an, zango ttipiek lasterkatuko dituzte Larzabaleko karrikak, Korrika Ttipi kari. Oztibarreko ikastolak eta MEE kolegioko ikasleek dute parte hartuko, aurten, eskola frantses publikoak ezin baitu egin. Bestalde, martxoaren 13an, Amikuzeko hamar ikastetxeetako ikasleek kurritu dituzte Donapaleuko karrikak.
Bestalde, martxoaren 7an izanen dute Korrika Kulturalaren ondoko hitzordua: 10:30etan finkatua dute hitzordua Ganbeta karrikako 36. zenbakian, Amikuzeko gau eskolan, kafea hurrupatu ondotik, poteo alaitua abiatuko dute Donapaleuko karriketan barrena, musikariak lagun. Bazkaria Airetik gelan zerbitzatuko dute, 20 euroan, 8 euroan haurrendako, Gozo Gosek prestaturik. Izena emateko: 07 71 25 24 96.
Eta, martxoaren 16an, Errigora gaualdia antolatua dute, Tuza etxean, 19:00etan, Asisko Urmenetak animatuko duen Errigoraren aurkezpen-saioa izanen da, eta ondotik, Errigorako mozkinen dastatzeko parada.
Segitzeko, Korrika pasako den egunean, Korrika gaualdia antolatu dute, martxoaren 19an, 18:30etan sartuko da Amikuzerat, hala, 18:00etan abiatuko dute gaualdia. Aro ederra balitz, ostatu ttipia ezarriko dute merkatu estaliaren aitzinean, musika eta Korrika zuzenean segitzeko pantaila lagun. Aro txarra balitz, aldiz, Airetik gelan izanen da. Gaitamik eta Andoni Ollokiegiren notek alegeratuko dute gaualdia; ikastolak prestatuko dituen taloak eta fritek denen tripa-zorriak isilaraziz... Hainbat antolatzaileren artean, Donapaleuko herriko etxearen laguntza ere ukana dute gaualdi horretarako.
Bestalde, Oztibarren Korrika ez bada pasatzen ere, Korrik'Oztibarre antolatzen ari dira oztibartar zenbait, martxoaren 20an, 18:30etan abiatuko da korrika alternatibo hau, Donaixti Arlatik, Larzabaleraino, 11 km pasa. Oztibarreko elkarte eta herriko etxe andana batek parte hartuko du. Jakin, hala ere, ez dela korrika ofiziala, baizik eta korrika kulturaleko ekitaldi bat. Larzabalerat helduko da 20:00ak inguru, eta musikariek alegeratuko dute AEKren aldeko gaualdia eta paella jateko parada izanen da.
Erran behar da Amikuzeko kilometro guziak jadanik hartuak direla, haatik, elkarte batek nahiko balu atxiki kilometro bat, ez dezala duda edozein gau eskolarat deitzeko.
Jakin, bizkarrekoak aitzinetik eros daitezkeela, alde batetik, Amikuzeko gau eskolan eta Ezpeletenean.
Merkatariei dagokielarik, haiek ere Korrikan parte har dezakete Korrika Lagun kanpainaren bidez, Amikuzeko gau eskolako ikasleak dendaz denda pasako dira diru-bilketaren egiteko, eta ematen dutenek afixa bat ukanen dute trukean, hala, kanpotik ikusten ahalko nork duen parte hartu. Bada ere manera, totem gisako kartoiezko panpina erosteko parada dutela bai dendek, 150 euroan, bai ere ikastetxeek, 50 euroan.
Bukatzeko, jakin, Korrika abiatuko den egunean, martxoaren 19an, Amikuzeko gau eskolan argiz beteriko mapa bat ezarriko dutela, zuzenean segitu ahal izateko Korrika nondik ari den iragaten.