Senpere, Ziburu, Kanbo eta Larzabaleko Seaskako kolegioetako 6. mailako 250 ikasle bilduko dira Anje Duhalderekin batera kantatzeko. Kantaldi berezi horiek martxoaren 3an izanen dira Donibane Lohizunen, eta maiatzaren 22an Maulen.
Proiektuaren jatorria ikasturte hastapenekoa da. Lau kolegioetako kantu, musika irakasleek elkarlanean sortu zuten egitasmoa. Intza Daguerre Larzabaleko irakasleak azaldu duenez, helburua argia zen: «Ikasleekin bizi den euskal kultura partekatu nahi ginuen, eta egiazko artista batekin kantatzeko aukera eskaini. Anje Duhalde gure kantagintzako sortzaile handia da, eta gaur egun ere oholtza gainean segitzen du; hautua berehala egin ginuen».
Lehen urratsa artistarekin elkartzea izan zen. Elgarrekin kantu zerrenda bat osatu zuten, eta joan den irailetik goiti errepikak hasi dira kolegioetan. Ikasleek, etxeko lan gisa eta opor garaian ere, kantuen hitzak buruz ikasi behar izan dituzte. Lan handia izan bada ere, hastapenetik plazer handiz hartu dute parte.
Laster oholtzara iganen dira ikasleak, Anje Duhalderekin eta musikarien laguntzarekin, publiko zabal baten aitzinean. Kontzertu egunak hurbildu ahala, urduritasuna ere handitzen ari zaie, baina ikasleek prest izanen direla hitzemana dute.
Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan egin errepika batean izan gira, eta han bildu ditugu irakasle eta ikasleen lekukotasunak.
