Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Aprendizgoa eta elebitasuna lehentasun, Donapaleuko Errecart ikastetxean ikasturte berrian

700 haurrek haien sartzea Donapaleuko Errecart ikastetxean egin dute irail hastapen honetan. Dinamika on horrekin batera, teilatu bat eraikitzen hasi dira egoitza nagusiaren gainean, eguzki panelak ezartzeko xederarekin.

Aprendizgoa eta elebitasuna lehentasun, Donapaleuko Errecart ikastetxean ikasturte berrian
Andre Larraldek Errecart ikastetxean eraikitzen ari diren teilatua aurkeztu dauku. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/09/09 09:53

700 haurrek haien sartzea Donapaleuko Errecart ikastetxean egin dute irail hastapen honetan. Zenbaki onak Andre Larralde zuzendariaren erranetan: 140 haurrekin eskolan, 180 kolegioan, eta 380 lizeoan, hots iaz baino hogei haur gehiago azken maila honetan.

Zer erranik ez, teilatuaren berriztatze dinamika on horren agerpena. Uda honetan hasi dira obrak, teilatu baten eraikitzeko egoitza nagusiaren gainean. Izan ere, uholdeak pairatzen zituenez eraikinak, konponketak estakurutzat hartuz, itxura berria eman nahi diote ikastetxeari. Bestalde bi klase eta begiraleen gela berriztatzen ari dira. Proiektu horiek heldu den udaberrian bururatu nahi lituzkete, 2026ko udan, teilatu berriaren gainean eguzki panelak ezartzeko. Bere energia eta elektrizitate propioa ekoiztu nahi ditu, autonomoago izan dadin, baita eko arduratsuago ere, kurtsoetan ikasleer transmitu nahi dieten bezala.

Haurrer irakasten diegu hori egin behar dela, beraz guk ere adibidea eman behar dugu

Andre Larralde Errecart ikastetxeko zuzendaria

 

Aurten ere bai elebitasuna zabaldu nahi du ikastetxeak. Iaz hasi zen proiektua hedatzen segituko dute. Bigarren mailaz gain, aurten, lehen mailako sail guzietan proposatuko dute elebitasuna. Parte hartuko duten ikasleek euskara ikasiko dute, baita historia eta geografia euskaraz ere. Laborantxako ministeritzaren peko baita Errecart, bost urteko esperimentazio fasean ibiltzen da, elebitasunaren beharra eta funtzionamendua erakusteko ministeritzari. Hori dela eta, lizeoak ditu euskara irakasleak pagatu behar, laborantxako ministeritzak ez baititu bere gain hartzen.

 

Bestaldetik, aprendizgoa ere bultzatu nahi du Donapaleuko ikastetxeak. Enpresen eta ikasleen ofizioa konkretuki eta kanpoan ikasteko nahikeria argi baita, zentzu horretan abian den arrapostua eman nahi diete. Iaz laborantxako mailan proposatzen hasi ziren eskaintza, aurten hazkurri industria, teknika eta salmenta sailetan idekiko dute. Momentukotz multzo ttipiak baldin badira ere, hastapena da Andre Larralden arabera, kalitatezkoa egon behar den formakuntza batendako.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu