Arberatze-Zilhekoa (Baxe Nafarroa)

Arberatzeko Arkupean bada zer jan eta zer edan

Arberatzeko zenbait familiak tokian tokiko mozkinekilako epizeria zabaldu berri dute 2025eko azaroan.

Arberatzeko Arkupean bada zer jan eta zer edan
Arberatzeko Arkupean epizeria ireki berri dute 2025eko azaroan. AMIKUZEKO IRRATIA
Ainize Madariaga
2025/12/30 07:00

Haien inguruan ikusten zituzten hainbat eta hainbat ekoizle, baina haien mozkinak nola kausitu? Hala, bospasei arberaztar familia juntatu dira eskuz esku eta manaketa eta banaketa-gune bat zabaldu dute.

Egun batzuk aitzin norberak behar dituen puskak manatzen dizkiote ekoizleari xuxenka, Monépi tresnari esker, internet bidez. Ondotik, puska horiek Arberatzeko Arkupean gunerat eramaten dituzte eta ebiakoitz goiz guziez elkarri banatzen dizkiote.

Ez dira baitezpada mozkin ekologikoak, irizpide bikoitza baitute 30 kilometroko erradiokoak izan daitezela eta ahal bezain bat jenderen ekonomikoki helmenean.

Denetarik atzeman daiteke proposamenetan: esnekiak, irina, haragia, barazkiak... Puska freskoei begira, badute frigoa ere.

Berrogei bat bazkide dira oraingo egunean, baina arrakastaren arabera, gehiagoren eta ez bakarrik arberaztarren hartzeko ideia ere badute. Arkupeanen kide izateko urteko kidetza sinbolikoa ordaindu beharra da eta aldizka banaketa horietan parte hartu.

Interesgarri izanen zaizu