Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

Argentina, sufritu duen herria, eta oraindik ere sufritzen duena

Euskal Argentina elkartearekin, 28 kidek Argentina bisitatu dute urriaren 27tik azaroaren 23ra.

Argentina, sufritu duen herria, eta oraindik ere sufritzen duena
Lekunberriko Jojo Goihenetxe eta Ortzaizeko Bernadette Argain. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2025/12/26 10:46

Euskal Argentina elkartearekin, 28 kidek Argentina bisitatu dute urriaren 27tik azaroaren 23ra. Talde horren baitan izan dira Lekunberriko Jojo Goienetxe eta Ortzaizeko Bernadette Argain.

Hemengo familia anitzetan gertatu den bezala, biek badute Argentinara lan bila joan eta, denborarekin, han finkatu den familia. Bernadetten eta Jojoren Argentinara joateko lehen motibazioa han bizi diren familiakoekin harreman zuzena berriz lotzea izan da.

Hala ere, bidaia horretan gauza franko ikusi eta bizi izan dute. Ohartu dira Argentina diktadura garaian izugarri sufritu zuen herria dela, eta gaur egun ere sufrimendu horrek jarraitzen duela, bereziki inflazioaren eta korupzioaren ondorioz. Etxeen eta bideen egoerak, egoera zaila argi erakusten du.

Argentinar anitzek bi lan egin behar dituzte pobrezian ez erortzeko; eta, hala ere, bi lanekin ere nekez heltzen dira hilabete bukaerara.

Euskal diasporaren presentziaz ere mintzatu dira. Euskal etorkinek laborantza biziki garatu dutela azaldu dute, besteak beste behiak eta zaldiak sartuz, zuhaitzak landatuz, alanbreak ezarriz eta lurrak antolatuz.

Horrez gain, euskal astea ere aipatu dute: “ospakizun handi eta hunkigarria” barnetik bizi izan dutena eta oroitzapen sakona utzi diena. Bizipen eta gogoeta horiek guziak partekatu dituzte Jojo Goienetxe eta Bernadette Argainek emankizun honetan.


Lehen partea :


Bigarren partea :

Interesgarri izanen zaizu