Anhauze (Baxe Nafarroa)

Arnaska elkarteak mugimendua eta arte martziala uztartzen ditu Anhauzen eta Izturitzen

Duela bi urte sortu zen Arnaska elkartea Anhauzen eta Izturitzen ari da bere jarduerak garatzen. Mugikortasuna, indarketa eta sistema arte martziala uztartzen dituzten saioak eskaintzen ditu, adin eta gaitasun fisiko ezberdinetara egokituak.

Arnaska elkarteak mugimendua eta arte martziala uztartzen ditu Anhauzen eta Izturitzen
Arnaska elkarteak jarduera berriak proposatzen ditu aurten Anhauzen eta Izturitzen. IRULEGIKO IRRATIA
Mattin Lerissa
2026/09/10 19:52

Arnaska elkarteak jarduera berriak proposatzen ditu aurten Anhauzen eta Izturitzen, mugikortasuna, arnasketa, oreka eta arte martziala lantzeko. Elkartea duela bi urte sortu zen, baina Anhauzen badira lauzpabost urte sistema arte martzialeko kurtsoak antolatzen direla. Iaz, berriz, Izturitzen ere klaseak ireki zituzten.

Gorputza eta gogoa lantzeko

Sistema arte martziala ez da borroka tekniketara mugatzen. Arnasketaren eta lasaiketaren bidez emozioen kudeaketa lantzen da, baita mugikortasuna eta egoera ezberdinetan mugitzeko gaitasuna ere. "Teknikak erakastea baino, ariketen bitartez ikusten da bakotxaren gorputzak nola egiten ahal duen mugitzeko", azaldu du Ikerrek. Gorputzaren egoera, zauriak edo eguneko umorea kondutan hartuta, mugimenduan eraginkortasuna atxikitzea da lanketaren parte.

Horrek borrokarako balio dezake, baina eguneroko egoeretan ere bai. Arnasketak, bestalde, gorputza eta gogoa lasaitzeko eta emozioak hobeki kudeatzeko baliabideak eskaintzen ditu. Adinekoentzat, Anhauzen, mugikortasuna, indarketa, oreka, lasaiketa eta arnasketa lantzen dira, bakotxaren ahalmen eta beharrei egokituz. Helduendako saioetan ere gorputza indartzea eta oreka lantzea dira ardatzetako batzuk.

Anhauzen eta Izturitzen, hainbat saio

Anhauzeko herriko gelan, asteartero, hiru saio proposatzen dituzte. Adinekoentzat, goizeko 10:00etatik 11:00etara, mugikortasun eta indarketa saioa izanen da.

Arratsaldean, 17:30etik 18:30etara, helduendako indarketa eta mugikortasun saioa eginen da. Ondotik, 18:30etarik 20:00etara, sistema arte martzialeko saioa izanen da.

Izturitzen, astelehenetan Artetxean izanen dira saioak. Helduentzat indarketa eta mugikortasuna 18:00etatik 19:00etara proposatzen dute, eta sistema arte martziala, berriz, 19:00etatik 20:30etara. Saioak gaitasun fisiko guzietara egokituak direla zehaztu du Maialenek. "Ez da bortxaz kirolaria izan behar".

Interesatuek 06 88 67 49 94 zenbakira deitu dezakete izena emateko edo xehetasun gehiago ukaiteko. Lehen entsegu batera ere joan daiteke, urririk, jarduera hobeki ezagutzeko.

Interesgarri izanen zaizu