Apirilaren 10ean eta 11an arte-artisauen egunak antolatu dituzte Donapaleuko Bideak gunean. Zare-egileak, zizelkariak, beirate-egileak... gurutzatzen ahalko dira haien lanketa betean. Are gehiago, tailerrei esker entseatu ere egiten ahalko baitira.
Baxe Nafarroako museoak badu etnografiaren partea zeinak baititu lan ezezagun anitz, bertzeak bertze harri biribilak. Hori arte-artisauek dute egiten, eta hori dute erakutsi nahi, lehentze, Donapaleuko Bideak gunean.
Hala, artisauez harago, arte-artisauen topaketa antolatu dute Donapaleuko Bideak guneak eta Euskal Hiri Elkargoak.
Funtsean, arte-artisautza titulu bat da, teknika berezi batez egiten baitute lan. Hala, Alain Zuaznabar koordinatzaileak egitarauaren berri eman digu: apirilaren 10ean, 14:00etatik aitzina izanen dira hiru arte-artisau: Sandra Luku amikuztar zare-egilea. Tailer bat animatuko du.
Bigarrenik, Isabelle Floretek beiratea erakutsiko du, tailerrean parte hartzeko parada ere izanen da.
Hirugarrenik, Nathalie Mercèrek Murano beirarekin zer egiten duen erakutsiko du: perlak eta beste. Tailer hauetan parte har lezake nahi duenak, erreserbatu behar izan gabe eta urririk.
Apirilaren 11an, berriz, lau arte-artisau izanen dira: Stéphane Larrochek mubleak arra-berritzen ditu eta tailer baten bidez norberak hori bizitzen ahalko du.
Bestalde, Magdalenak, Larrochek bezala, tapiza-arra-berritzea nola egiten duen ikusterat utziko du, bai ere tailerra animatuko.
Bi eskultorek ere parte hartuko dute arte-artesauen lehen topaketa honetan: Filagusek objektuak birziklatzen ditu eskulturak muntatuz, eta, Piarres Erdozaintzi Etxartek, harria, burdina eta egurrak nola lantzen dituen erakutsiko du, prozesu guzia.