Donibane Garazi (Baxe Nafarroa)

'Arteari idek gaitezen' lemarekin abiatu dira osagarri mentalaren aldeko egunak

Osagarri mentalaren egunen karietara, Garazi lurraldeko eragileek Squ’art arratsaldea antolatu dute urriaren 7an, Donibane Garaziko skate parkean. Arratsalde guzian, arte eta sorkuntzaren inguruko hainbat atelier proposatuko dira, dener idekiak.

'Arteari idek gaitezen' lemarekin abiatu dira osagarri mentalaren aldeko egunak
Squ'art arratsaldearen antolatzaileetan den Garaziko GEM egiturako Maider Goikoetxea. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/10/06 11:00

Osagarri mentalaren aldeko egunak urtero antolatzen dira garai huntan, jendea osasun mentaleko gaiez sentsibilizatzeko eta arta, prebentzio eta laguntza baliabideak ezagutarazteko. Aurten, praktika artistiko eta kulturalek ongizatean eta nahasmendu psikikoen prebentzioan duten ekarpena dute ardatz.

Garaziko lurraldeko hainbat eragilek bat egin dute egitasmoaren inguruan, ‘Arteari idek gaitezen’ lemarekin. Squ’art arratsaldea urriaren 7an iraganen da, 14:00etatik 17:00etara, Donibane Garaziko skate parkean.

Sorkuntza eta ongizatea

Musika, antzerkia, dantza, marrazketa, idazketa edota artisautza bezalako praktika artistikoak aitzinean eman nahi izan dituzte aurten. Helburua ez da artea medikuntza gisa aurkeztea, baizik eta sorkuntzak eguneroko ongizatean izan dezakeen tokia erakustea.

GEM egiturako Maider Goikoetxearen hitzetan, “arte desberdinak ez dira medikuntzako arta batzuk, baina onurak ekar ditzakete norbera hobeki senditzeko”. Squ’art arratsaldean, hainbat sorkuntza-atelier izanen dira. Argazkilaritza, buztingintza eta zeramika, poesia edota kroxeta probatzeko parada izanen da, besteak beste. Atelierrak dener idekiak dira. Arratsaldeko askaria ere eskainia izanen da.

Interesgarri izanen zaizu