Amikuzen artilearen garbitzeko proiektua bada; kardatzea Sarako iletegian egiten ahal da; eta artile garbi eta kardatua hari bilakatzeko, irundegi bat ideki nahi luke Azkarateko Aintzane Berezibar-ek.
Aintzane lapurtarra da sortzez, eta ofizioz kinea. Betidanik gustukoa izan du jostea, trikotatzea; eta Baxe Nafarroan bizi denetik, artzainen ezagutza egin, eta bidenabar manex ardiena ere egin du.
Gaur egun artzain gehienek artilea botatzen edo erretzen dute, ez baitute beste biderik. Aintzane-rentzat ezin pentsatuzkoa holako lehengaia hartaratzea.
Kine ofizioa utzi eta gaur formatzen ari da artile hunen baloratzeko, saila berriz abiatzeko Ipar Euskal Herrian. Zeren hemen gaindi guti dira artilearekin ari direnak, bizpairu bakarrik; Angelun, Saran edo Martxutan matalaz egileak, bainan irundegirik ez da, artilea hari bihurtzen duen etapa falta da.
Irundegi proiektua untsa ondua du Aintzane Berezibar-ek. Orai lokal bat xekatzen du instalatzeko (lokal proposamener idekia da) eta orai hasiko da iruntzeko okasionezko tresnak xekatzen. Euskal Herrian ez da holakorik aurkitzen, bainan Frantzia mailan zaharrak martxan direnak badira oraino.