Agorrilaren 9an iraganen da Iparraldeko txapelketa. Goizean sailkapenak eta arratsaldean zortzi hoberenen arteko lehia.
Agorrilaren 9an, igandez, Iparraldeko Artzain Xakurdunen Elkarteak bere urteko txapelketa antolatuko du Baigorrin. Egun osoan iraganen da hitzordua, goizeko sailkapen saioekin eta arratsaldeko finalarekin.
10:00etatik goiti, parte hartu nahi duten artzain guziak deituak dira lehen saioetara. Sailkapen horietan hautatuko dituzte arratsaldeko lehiarako zortzi hoberenak. Txapelketa nagusia 17:30tan hasiko da, Baigorriko errugbi zelaian. Han lehiatuko dira eguneko zortzi artzain hoberenak, beren xakurrekin, artaldearen gidatzeko lanean.
Munduko txapelketarako atea
Elkartearen nahia da Ipar Euskal Herriko artzain guzieri parada baten ematea beren xakurra lehiatzen ikusteko. Txapelketak, gainera, bidea idekitzen du ondoko mailako lehiaketetara. Baigorrin txapeldun eta txapeldunorde aterako direnek Amaiurren, agorrilaren 15ean iraganen den lehiaketan parte hartzen ahalko dute, bai eta Oñatin, buruilaren hirugarren asteburuan iraganen den nazioarteko txapelketan ere.
Urtez urte, hitzordu hunek artzain, hazle eta ikusle frango biltzen ditu. Lehia baino gehiago, artzain xakurraren lanaren balioa eta artzaingoaren jakitatea agerian ematen ditu, giro onean eta publiko zabalaren aitzinean. Feria gastronomikoa ere atxemanen du egun guzian Baigorrirat hurbiltzen denak.