Ahatsa Kitteria etxaldean bizi da Ellande Etxepareborde, Pauline bizi lagunarekin eta haien alabarekin. Artzaintza dute egun guzietako bizimolde eta ofizio. Udan, 165 ardi buru beltzekin Irati Soron duten etxolara igaiten dira.
Ellande 2016an plantatu zen amaren etxaldean, behi gorriekin eta ardi buru beltzekin. Bost urte berantago, 2021ean, Paulinekin GAEC bat osatu zuten. Pauline gasna teknikaria izanik, elgarrekin erabaki zuten ardi-esnea gasnatzea eta ekoizpena garatzea, biak ere ofiziotik bizitzeko gisan.
Maiatzetik azarora, bortuko erritmoan
Urte guziez maiatz erditsutan hartzen dute Irati Soron barna bortuko bidea. Orduan hasten da mendiko sasoin berria, urtaroen eta artaldearen erritmoan. Goiz guziez, 165 ardi buru beltzak eskuz deizten dituzte. Esnea bestelakatzen dute ondotik, eta hiru ekoizpen egiten: ohiko gasna sukoa, gasna freskoa eta gasna guria.
Deiztearen ondotik, ardiak etxola inguruko alhapideetara igortzen dituzte. Bizkarrean tindu berde eta gorriak dituzte, inguruko etxoletako beste artaldeetatik berexteko. Etxola jendea pasatzen den leku batean izanki, ekoizpenak etxolatik beretik saltzeko parada ere badute. Gasnaz gain, Kitteriako beste ekoizpen batzuk ere saltzen dituzte, hala nola ardi-haragiarekin egin zozizonak, navarrin edo axoa.
Uda gogorra bortuan
Aurten, uda bereziki nekea izaiten ari da mendian. Idortea goizik hasi da, mendi-mazelek beroaren eragina jasan dute eta belardiak kiskaliak dira. Bero handiak ere eragina du artaldean: ardiek esne gutiago emaiten dute. Usaiakoan, azaro erdira arte egonen dira bortuan, aroak uzten baditu bederen. Orduan, oinez jeutsiko dira mendiz mendi, xenderetatik, Ahatxa Kitteria etxalderaino.
Baina mendiko sasoina bukatzean ere ez da atseden luzerik izanen. Etxaldera itzultzean, ugalketa sasoina hasiko da. Ondotik, axurien sortzea helduko da urtarrilean, eta martxo hastapenean berriz ere ardi-deizte sasoina abiatuko da. Hala doa Ellande eta Paulinen urtea: artaldearen erritmoan, urtaroen arabera eta mendiarekin duten harreman hurbilean. Haientzat, artzaintza ez da lanbide bat bakarrik. Bizimolde bat ere bada, maitasunez hautatu dutena.
