Joanden ostiralean iragan zen, Baigorri plaza xokon. Helburua zen erakustea eta jakin araztea zer zerbitzu baden Garazi Baigorriko lurraldean, adinekoak eta haien familiakoak egin ahala hobeki laguntzeko.
Eta lehenik erran daitekeena gero eta zerbitzu hobea eskaintzen dela, Goxoki Etxean lurralde zerbitzutik hasita. Urte hastapenetik egitura hunen eginkizunak zabaldu dira lurralde guzian eta lan taldea ere handitu da. Etxeetan pasatzen dira Goxoki etxean taldeko ergoterapeuta, psykologoa, dieteziena, gerontologiako laguntzaileak, masaja egilea.
Hauen ondoan, badira ere beste zerbitzu ainitz, denak elgarren artean koordinatzen direnak, jendeen beharrari egin ahala hobeki erantzuteko; hala nola Atxiki (memoria eta gorputz atelierrak proposatzen dituenak), EMOG, departamenduko erizainak (adminiztratibo saileko desmartxentzat), CPTS, France Service, vitaris, Vittaliance, Geldi aldi (adinekoen eguneko harrera egiten duena), Bulle d’air, France Alzheimer, France Parkinson, maladie à corps de Lewi....
Ikasleak biharko artatzaileak
Foroko alde batean aurkitzen ziren ere arta munduko profesionalak; eskola desberdinetako ikasleak errezebitzen zituzten ofizioetaz mintzatzeko, informazioa emaiteko. Oraiko ikasleak biharko artatzaileak izanen baitira. Kolegioetako hitu garrenean diren ikasleek aurten hautatuko dute zer eskola bide segi ondoko urteetan, beraz foroko antolatzaileen iduriko inportantea da arta munduko ofizioak ezagut ditzaten.
Foroan ere atelier bereziak
Atelierren xokoa ere aurki zitaikeen foroan; masajea eta escape game arras berezia, familia barnean izaiten ahal diren bortizkerietaz. Oihana Bidart eta Christine Etxexuri Goxoki etxean egiturako kideek erran daukutenaz, escape game-a biziki ongi prestatua da, eta parte hartzeko parada duenak merexi du entseatzea. “Jokoaren” bidez, batzuetan ixilpean gelditzen diren egoerak aipagai ezartzen dira, eta horietaz kontzientzia pizten laguntzen du.
Fororat hurbildu ahal ez denak jakin dezala, Goxoki Etxean-era deitzen ahal duela eta hor bideratua izanen dela behar den zerbitzura. 06 30 10 24 99