Aurten ere haurrek euskaraz pasatzen ahalko dute uda

Elkargoaren Euskaraz Josta labelak sei urte betetzen ditu aurten, eta 19 egitura labelizatuak dira. Aisialdi zentroetan 1 000 haur ingururi euskara entzutea eta erabiltzea permititu die dispositibo hunek, izan elebidunean edo murgiltze ereduan.

Aurten ere haurrek euskaraz pasatzen ahalko dute uda
Antton Kurutxarri, Euskaraz Josta dispositiboaren arduraduna. IRULEGIKO IRRATIA
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/07/06 09:00

Hezkuntza arloan euskara presente eta garatzen ari bazen ere, uda heltzen zelarik, aisialdi zentro gehienak frantses hutsean ziren duela urte batzuk. 2020an, Euskal Hirigune Elkargoak Euskaraz Josta labela sortu zuen, euskara ez zadin eskolako hizkuntza bakarrik izan. Antton Kurutxarri Elkargoko kideak esplikatu bezala, hastapenean zazpi egiturak ukan zuten labela, Uda Lekuk barne. Geroztik bidea egin du proiektuak. Gaur egun 19 egitura labelizatuak edo labelizatze bidean dira, eta kasik 1 000 haurrek aisialdi zentroetan bederen denbora erdiz euskara erabiltzen dute.

Maila eta eredu desberdinak

Gaur egun, elkargoaren sei aisialdi zentroetan proposatua da eskaintza elebiduna, eta horietako bi (Idauze Mendin eta Arrosan) murgiltze ereduan direla kondatu du Antton Kurutxarrik. Horrez gain, Elkargoak herriak lagundu ditu euskarari buruz urratsak egiten, eta aisialdi zentro desberdinak eskaintza elebidunean bederen sartu dira, izan Urruñan, Ziburun, Senperen, Saran, Ahetzen, Azkainen, Uztaritzen, Hazparnen…

Labelean eredu desberdinak badira, euskarazko eskaintza mailaren arabera. Elkargoak zentro bakotxaren diagnostiko bat egiten du zoin modelo eman erabaki aintzin, besteak beste antolaketa eta formatzaile euskaldun kopurua so eginez. Horren eta zentroaren anbizioaren arabera proposatzen dizkiete ereduak; izan daiteke erdizka, aldizka, taldeka; hau da, talde bat euskaraz eta bestea frantsesez, edo pilaka; erran nahi baita murgiltze ereduan.

Animatzaile beharra

Baina egiazki euskaraz jostatzeko, hizkuntza maila on bat duten formatzaileak eta animatzaileak ere behar dira. Antton Kurutxarriren arabera, ez da gauza sinplea. AIGA (BAFA) diploma duten pertsona formatuak bereziki xekatuak dira, eta euskara maila on bat ere ukan behar dute, egun guzian haurrekin hizkuntza erabili ahal izaiteko. Beretzat logikoa litzateke B2 maila bederen ukaitea. Elkargoko kideak deia luzatu die baldintza horiek betetzen dituzten gazte guziei.

Interesgarri izanen zaizu