Indarkeria matxistak identifikatzen, mugak ezartzen eta egoera horien aitzinean erreakzionatzen ikasteko atelierra antolatu dute Larzabalen. Maitane Ibernia psikologo, psikoterapeuta eta prestatzaileak gidatuko du, buruilaren 26an, Ezpelletenian.
Autodefentsa feminista atelierra eginen da buruilaren 26an, larunbatez goizeko 9:00etatik 13:00etara, Larzabaleko Ezpelletenian. Maitane Ibernia psikologo, psikoterapeuta eta prestatzaileak gidatuko du saioa, genero-berdintasunean eta mugimendu-terapian berezitua baita. Parte hartzea 5 euro edo 5 eusko kostatuko da, eta izenak eman behar dira 07 66 34 55 99rat.
Atelierrean egunerokoan ager daitezkeen indarkeria matxistak identifikatzeko eta haiei buru egiteko tresnak landuko dituzte. Indarkeria ez da beti kasu larrienetan agertzen: psikologikoa, fisikoa, sexuala edo ekonomikoa izan daiteke, eta etxean, lanean, karrikan nahiz beste eremuetan gertatu.
Eguneroko indarkeria egoerak ezagutzea
Txiste matxistak, begiradak, hunkitzeak edo sexu-harremanetan kondoia ezartzea eragoztea ere indarkeria egoeren parte izan daitezke. Holako egoerak identifikatzeko gakoak landuko dira lehenik. Zer den indarkeria, egoera baten aitzinean nola ohartu eta nola mugak ezarri aztertuko dute. Ondotik, norberaren burua defenditzeko teknika fisiko eta ez-fisikoak ere landuko dira. Maitane Iberniak badu autodefentsa feministako atelierrak proposatzeko usaia. Oraingoan ere, eguneroko egoerei aurre egiteko tresnak partekatuko ditu.
Espazio segurua, norberaren erritmoan
Atelierra adin guzietako pertsoneri idekia izanen da, ikasteko eta elgarrekin trukatzeko gune gisa. Antolatzaileek zehaztu dutenez, espazio segurua izanen da. Parte-hartzaileek beren bizipenak partekatzeko parada ukanen dute, baina nehor ez da deus kondatzera behartua izanen. Ariketetan parte hartu nahi ez duenak ere lasai egoteko parada izanen du. Ariketak lurrean eginen direnez, jantzi erosoekin jitea aholkatzen dute, eta tapiza ekartzea ere.