Hitzaldiak, tailerrak eta manifestaldia, Itaia mugimenduak hainbat ekimen antolatzen ditu. Helburua argia da: jendartea sentsibilizatzea eta indarkeria matxistaren kontra oinarri sozial eta politikoak aztertzea
Azaroaren 14a: Solasaldia Donibane Garazin
Lehen hitz ordua azaroaren 14an izanen da, Donibane Garaziko Charlotenia gelan, arratsaldeko 7etan. “Nola aurre egin indarkeria matxistari?” izeneko solasaldia bi fasetan iraganen da. Lehen zatian, Itaiako bi kidek indarkeria matxistaren definizioa eta jatorria azalduko dute; Ondotik, parte-hartzaileekin solasa izanen da, eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko.
Azaroaren 22a: Egun osoko egitaraua Baionan
Bigarren hitz ordua Baionako Kubako Etxean (Tonneliers karrikan) iraganen da, azaroaren 22an. Egun osoko egitaraua prestatu du Itaiak: Goizean, hitzaldia, indarkeria matxixtaz azaroaren 14koan bezala, baina ikuspegi politiko sakonago batekin, mugimenduak ikusten dituen aterabide politiko eta sozialak zehaztuz eta partekatuz. Ondotik, bazkari partekatua. Eta Arratsaldean, bi tailer sortzaile: serigrafia tailerra eta mural tailerra, artearen bidez mezua karrikara ateratzeko.
Azaroaren 25a: emazteek jasaiten dituzten bortizkerien kontrako nazio arteko eguna ; lema bakar bat, baina bi manifestaldi Baionan
ITAIA-k arratsaldeko 6etan emaiten du hitz ordua. SUTAN kolektiboak berriz berriz 6.30tan. Bi manifestaldi kausa berarentzat, emazteek jasaiten dituzten bortizkeriak geldi arazteko. Itaia-ko Elixabet Etxandiren hitzetan: “Egia da kausa berdina sustengatzen dugula, baina ez ditugu batere soluzio politiko berak. Besteekin batzen bagira, gure diskurtsoa ‘gordea’ izanen litzateke, eta ez ginuke paradarik izanen jendearekin lanketa egiteko eta gure ikuspegia azaltzeko.”
Itaia-k dio indarkeria matxistari aurre egitea ez dela posible kapitalismoaren kontra borrokatu gabe, zapalkuntza matxista eta orohar zapalkuntza guzien burua sistema kapitalista bera delakoan.
Horregatik, « faxismoa eta matxismoaren kontra, karrikak hartu ! » lemaren pean manifestaldia antolatzen du mugimenduak arratsaldeko 6 orenetan Baionan, borroka feministari bere ikuspegi politikoa argitan emanez, sistemaren eraldaketa baten beharra aldarrikatuz.