Emazteen kontrako Bortizkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Larzabaleko itzulgunera deitua da jendea.
Azaroaren 25eko data hori Dominikar Errepublikako diktadura garaiko tragedia latz batetik heldu da : Patria, Minerva eta María Teresa Mirabal ahizpak —Tximeletak izenarekin ezagunak— 1960ko azaroaren 25ean erregimeneko militarrek bahitu eta erail zituzten. Trujillo diktadorearen kontra tinko borrokan aritu ziren hiru emazte ekintzaile politiko ziren; Atxilotuak, bortxatuak eta torturatuak izan ziren, bainan sekulan ez ziren etsi.
Haien memoria omentzeko eta emazteen kontrako indarkeria ikusarazteko hautatu zen, ondorioz, azaroaren 25a
(juntatu soinuan, aurkezpen hau egin dute Fani eta Anuk-ek, irratian ikastaldiz ibili direnak, eta eskertzen ditugunak).
Egunaren zentzua antolatzaileen hitzetan
Ezin da 1960ko egoera eta egungo errealitatea parekatu: Orduan Zendako markatu egun hori ? Zein bortizkeriaz ari gira?.
Emakumeek jasan bortizkeriak forma anitz ditu, eta ez dira bakarrik usu pentsatzen diren muturreko kasuak:
– Ez da bakarrik sukaldeko xoko batean gizonezko mozkor batek emaztea iraintzea;
– Ez da bakarrik pesta baten giroan bost gizonek egiten duten talde-bortxaketa;
– Ez da bakarrik arazo psikologikoak dituen pertsona baten “istripu-une” isolatua.
Usu holako kasuak erabiltzen dira egiturazkoa den botere-harreman patriarkala gordetzeko. Indarkeria ez da gizon “arazodunek” egiten duten gauza isolatu bat: gizartean txertaturik den botere-desoreka baten ondorio zuzena da.
Gure inguruan gertatzen den indarkeria
Bortizkeria formak ainitzetakoak dira, eta ainitzetan oharkabean pasatzen dira edo ez dira bortizkeria gisa identifikatzen. Horren erakusgarri da azken hilabeteetan prentsan oihartzun handia izan duen Astrid Lejuéeren kasua. Angeluarra izanik Eskozian bizi zen, eta senarraren tratu txarretatik ihes egin zuen Baionara amaren etxera. Frantziako poliziak atxilotu eta bost urteko semea kendu zakoten eta Eskoziako aitarengana itzuli.
Indarkeria mota huni indarkeria bikarioa deitzen zako: emazteari min egiteko, kontrolatzeko edo zigortzeko, haurra erabiltzen da tresna gisa.
Astrid Lejuée-ren kasua, ez da kasu isolatua. Banaketa prozesuetan, zenbait gizonek sekulan bete ez dituzten zaintza-ardurak aldarrikatzen dituzte ; edo haurra amaren kontra jartzea entseatzen dira. Batzuek, muturreko egoeretan, seme-alaberi min ere egiten diete ama zigortzeko; hala gertatu zen iaz Nafarroan, aitak semea berekin amildegi batetik botata biak hil zituenean.
Lagunak, ingurua edo bestelako baliabideak ere tresna bihur daitezke emazteen kontrolatzeko.
“Beraz, adi izan gaitezen; ikasten segi eta laguntza behar duenari eskua luzatu behar diogu”, diote antolatzaileek.
Laida, Amikuzeko gazte baten lekukotasuna :
Elgarretaratzean parte hartuko duen Laida amikuztarrak ere bere ikuspegia eman du.
Bortizkeria fisiko edo sexualaz gain, eguneroko portaera arruntetan ere antzematen dela dio:
“Gizonek erraitean ‘akitua iduri duzu, hilabetekoak badituzu’, edo bilkura batean emazteeri hitza mozten dakotenean…”
Prozedura eta babes neurriak hobetzen ari direla uste badu ere, argi du: “Indarra beti leku berean da oraindik, eta borrokan segitu behar dugu.”
Elgarretaratzea Larzabalen
Emazteenganako indarkeria mota guziak salatzeko, deialdia egina da:
Asteartean, azaroaren 25ean, arratsaldeko 18:30ean, Larzabalgo itzulgunean.
Herritarrei parte hartzera dei egiten zaie, gaurko emazteen bizipenak oroitzeko, eta indarkeriarik gabeko gizarte baten alde egiteko.