«Ez Gitxu Lo» talde feministak antolaturik, elgarretaratzera deitua da 6:30etan, Larzabaleko Itzulgunean. Ondotik, 7:30etan, Ezpeletenian, «Puzzleak, bortxaketaren jauregia» film laburra eta solasaldia izanen da Kote Kamatxo film egilearekin.
2024an plazaratu film labur hau egiazko gertakarietan oinarritzen da, Donostiako Kote Cabezudo argazkilariaren aferan.
Hamarkadetan zehar, Cabezudo argazkilari ezaguna izan zen, eta dozenaka emazte gazte eta adingabe pasa ziren haren argazki-estudiotik. Baina argazki-saioen gibelean, beste errealitate bat bazen : emazteen irudiak eta bideoak hartzen zituen, eta horietako ainitz pornografia-sareetan zabaltzen zituen. Sexu-abusuak ere egin eta filmatzen zituen, ondotik eduki horiek Interneten hedatzeko.
2013an, sei biktima emaztek salaketa aurkeztu zuten. Baina argazkilariak zituen botere-harremanak eta sare zabalak zirela medio, aferak urte luzez isilpean iraun zuen.
Kote Kamatxo film egileak biktima bat zagutu ondotik erabaki zuen film laburra egitea. Hastapenean, berak ere nekez sinetsi zuen holako istorio ilun erraldoiari. «Boterearen tentakuluak harrigarriak ziren, eta alde guzietara zabaltzen ziren», azaldu du. Politikariak, epaileak eta kazetariak ere tartean zirela aipatu du.
Film egileak azpimarratzen du bortizkeria horien biktima edonor izan zitekeela: «Zu zeu, zure alaba, zure laguna... Harrigarria da zenbat jendek jasan dituen abusu hauek».
Azkenean, aktore talde ezagun batek bultzaturik, manifestaldi bat antolatu zen Donostiako karriketan, aferaren salaketa publikoa egiteko. Prozedura judizial luze baten ondorioz, Espainiako justiziak 28 urteko kartzela-zigorra ezarri zakon Kote Cabezudori, sexu-erasoengatik, sexu-abusuengatik, haur-pornografiaren ekoizpen eta hedapenagatik, iruzurragatik eta justizia oztopatzeagatik.
«Puzzleak, bortxaketaren jauregia» film laburrak oren laurden bat irauten du. Kote Kamatxok argitu duenez, ez da film iluna: «Protagonista pertsona ederra da, oso hurbilekoa».
Hitzordua, beraz, azaroaren 25ean, arratseko 6:30etan Larzabaleko Itzulgunean, elgarretaratzearekin. 7:30etan, berriz, Ezpeletenian, filmaren proiekzioa eta ondotik solasaldia Kote Kamatxo egilearekin.
«Ez Gitxu Lo» talde feministak herritar guziak gomitatzen ditu bortizkerien kontrako mobilizazio eta topaketa horietara.