Baigorri ibarreko behiak laster iganen dira Sorogainera. Aitzin, usaiari segituz, burdin gorriz markatuko dituzte “VE” hizkiekin. Urepeleko marka maiatzaren 23an eginen da, goizeko 10:30etatik goiti.
Aurten, 140 behi eta 15 ahatxe iganen dira Sorogainera, eta han egonen dira buruil hondarra arte.
Aspaldiko hitzarmen baten segida
Sorogain Erro ibarreko lurretan den 1.000 hektareko ordoki bat da, udan kabalen bazkaleku bilakatzen dena. Baigorri eta Erro ibarren artean aspaldiko akordio bat bada gai horren inguruan. 1856ko Baionako hitzarmenean oinarritzen da, eta horri esker Baigorri ibarreko kabalak ere Sorogainen alhatzen ahal dute.
Erro ibarrekoek finkatzen dute urtero Baigorritik sartzen ahal den behi kopurua. Aurten, gehienez 160 behi onartu dituzte. Behiko, uda osorako 71 euro ordaindu behar da.
Behi kopurua apaltzen ari da
Azken 18 urteetan prezioa ez bada emendatu ere, Baigorri ibarretik Sorogainera igaiten diren behien kopurua apaltzen ari dela ohartarazi du Michel Bidart Baigorriko mendi sindikateko presidenteak.
Haren arabera, PAC Europako diru laguntzek badute horretan eraginik, Sorogainen egoten diren behientzat laborariek ez baitituzte laguntza horiek eskuratzen ahal.
Urepeleko marka, laborarien eta ikusleen hitzordua
Maiatzaren 23ko marka eguna gertakari garrantzitsua da Urepelen. Laborari anitzen topagune izateaz gain, ikusle franko ere biltzen ditu urtero. Markaren ondotik aperitifa eta bazkaria ere antolatuak izanen dira.
Baionako hitzarmenaz hitzaldia Amerikanoinean
Bestalde, maiatzaren 30ean 20:00etan Urepeleko Amerikanoinea interpretazio zentroan hitzaldi bat antolatuko dute “Batzen gaituzten mugak” lelopean. Claude Martinez historialari urepeldarrak 1856ko Baionako hitzarmenaz eta haren ondorioez ariko da, hitzarmena izenpetu zenetik 170 urte iragan direnean.