Baigorri (Baxe Nafarroa)

“Goxoki Etxean” zerbitzua Garazira hedatuko da

Duela hiru urte sortu zen “Goxoki Etxean” zerbitzua Baigorriko lurraldean, adinekoak eta haien familiak etxean laguntzeko xedearekin. Orduan, hiru urteko kontratua izenpetu zuten ARS Eskualdeko Osasun Agentziarekin.

“Goxoki Etxean” zerbitzua Garazira hedatuko da
Goxoki etxean egiturako artatzaileak. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/05/20 12:33

Hiru urteko esperientziaren ondotik, egin den ebaluazioak erakutsi du zerbitzuaren beharra handia dela. Horren ondorioz, erabaki dute egitura azkartzea eta Garaziko lurraldera ere hedatzea. Hemendik goiti, “Goxoki Etxean” egitura C.R.T. edo Lurraldeko Baliabide Zentro bilakatuko da.

Aditu talde anitza etxeetan laguntzeko

“Goxoki Etxean” zerbitzuan arlo desberdinetako profesionalak ari dira: medikuak, erizainak, psikologoak, dietetizienak, ergoterapeutak, masaje egileak edo gerontologiako adituak, besteak beste.

Haien egitekoa zabala da. Alde batetik, adinekoen eguneroko bizia errexteko etxeetan egin daitezkeen obrak edo egokitzapenak proposatzen dituzte. Bestetik, laguntza praktikoa ere eskaintzen dute: beztitzeko, sukaldatzeko edo ibiltzeko laguntza, baita memoria lantzeko eta denboran zein espazioan orientatzen laguntzeko tailerrak ere.

Zerbitzuaren helburua argia da: adinekoak eta haien familiak sustengatzea, ahal bezain luzaz beren etxeetan bizitzen segi dezaten.

Informazio gehiago

Garazi-Baigorriko “Goxoki Etxean” zerbitzuari buruz argibide gehiago nahi dutenek 06 30 10 24 99 zenbakira dei dezakete.

Publizitatea

Interesgarri izanen zaizu