Sartze huntan 60 bat haur kondatzen dira ikastolan; 20 urteko ibilbidean, kulturarentzat eta euskararentzat eragile inportantea bilakatua da ikastola Baigorriko herrian.
Baigorriko ikastolak 20 urteko ibilbidea betetzen du aurten. 2006an ideki zituen ateak, Izarra lehengo hotelaren egoitzan, 14 haurrekin eta lehen maila baizik ez zuela. Hogei urteren buruan, 60 bat haur biltzen ditu sartze huntan, eta Baigorriko herrian euskararentzat eta kulturarentzat eragile inportantea bilakatu da.
Lehen hamar urteetan, ikastolak hazten segitu zuen. 2016an, 40 haur bazituen, egoitza aldatu zuen. Baigorriko eskola publiko xaharreko egoitzan obrak egin ondotik, herri erdi-erdian zen, gaur egun den tokian. Geroztik, ikastolak garatzen segitu du. Hogei urte hauetan, kasik 200 haurrek ukan dute euskaraz ikasteko parada. Horrez gain, familia ainitz euskarara hurbildu dira, ikastolak sortzen dituen harremanei esker.
Egun osoko besta Oronozian buruilaren 5ean
Urteburua ospatzeko, hitzordua emana dute larunbatean, buruilaren 5ean, Baigorriko Oronozian. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 11:30tan hasiko dena. Hitzartzeen ondotik, aperitifa eta bazkaria izanen dira, Gaitistaneko orkestraren musikak alaiturik. Arratsaldean, 15:00etatik goiti, haurrentzat Herri Jokoak izanen dira, GAIarekin. 19:00etatik aitzina, taloak salduko dituzte, Garazi eta Azkarateko ikastolek prestaturik. Musika ere izanen da, Kalume, Frigo eta DJ Getto Lutx eta Selekta Rak talde eta artistekin.
20 urteak argazkitan
Egun osoan, ikastolaren 20 urteetako argazkiekin osatutako erakusketa ere ikusten ahalko da Oronoziako gela batean. Urte hauetako ibilbidea eta ikastolaren bizitza iruditan ezagutzeko parada izanen da.
Urtebetetzearen karietara, tixerta berriak ere atera dituzte. Dom-ek marraztu eta Mamuk serigrafiatutako tixertak salgai izanen dira, baita Irulegiko sotoarekin batean Baigorriko ikastolak atera duen arnoa ere.