Baigorriko Ikastolako erakasle eta burasoentzat, ainiztasunaren gibelean den heziketa funtsezkoa da: elgarrekin ontsa bizitzen ikasteko, elgar errespetatzeko eta maitatzeko gakoa baita.
Aurten, Baigorriko ikastolan “ainiztasuna” gaia ardatz gisa hartu dute, eta elkarlanean lantzen dute, bai ikasgeletan, bai ikastolako burasoen taldearen baitan, ikuspegi partekatu batean.
Gaia hiru atal nagusitan egituratu dute: gorputzaren ezagutza, bere parte intimoekin; familia eskema desberdinak; eta onespena. Helburua da haurrei, adinaren arabera, beren burua eta besteak hobeki konprenitzeko tresnak eskaintzea, errespetuan eta naturaltasunean oinarrituz.
Onespenaren gaiari loturik, burasoek eta erakasleek mintzaldi-atelier bat segitu zuten joan den azaro hondarrean, Idoia Rodriguez Mondragon adituarekin. Topaketa horrek gogoetarako bideak ireki eta tresna baliagarriak ekarri zizkien, bai heziketa arloan, bai eguneroko harremanetan.
Ikasgeletan, haurrek erabiltzen duten hiztegia aberastea ere lantzen dute. Usaiako hitzez gain (pitilina, ipurdia edo pottotta), beste batzuk ere aurkezten zaizkie, hala nola zakila edo alua, manera sinple, natural eta egokian. Gorputzeko zilo desberdinak zer diren eta zer funtzio duten ere azaltzen zaie, beti adinari egokituz.
Bestalde, ikastolan gai horien inguruko liburutegi berezi bat osatu dute. Frantsesez ziren hainbat liburu euskarara itzuli dituzte, eta burasoek noiznahi mailegatzen ahal dituzte, etxean haurrekin gaiak lasai aipatzeko.
Ondoko hitzordua heldu den otsailean finkatua dute: sexu heziketari buruzko beste atelier bat antolatua izanen da, erakasle eta burasoentzat.
Juntatu erreportaian entzun Amaia Maitia, erakaslea, eta Gabi Natorp, ikastolako heziketa taldeko burasoa.