Baigorri (Baxe Nafarroa)

Baigorriko Iraztorza okindegi familiak bere historiako orrialde bat hetsi du

Ramuntxo eta Christine Iraztorzak Baigorriko okindegia utzi dute. Bainan okindegiak idekirik segitzen du : otsailaren 5tik goiti, jabe berriek, izen berri batekin, ber-idekiko dute. Hemendik aintzina “Bien artean” deituko da Baigorriko bulanjeria.

Baigorriko Iraztorza okindegi familiak bere historiako orrialde bat hetsi du
Ramuntxo eta Christine Iraztorza. IRULEGIKO IRRATIA
Jone Barneix
2026/02/04 12:44

Okindegi familia baten ofizio bukaera dela erran ditaike, Ramuntxo Irastorza familiako 3garren belaunaldiko okina izan baita.
Istorioa gerla ondotik hasten da: 1945ean, Ramuntxoren aitatxi Urepelen okin ofizioan hasi zen. Urteak aitzina, 1970ean, haren semeak hartu zuen segida. Eta aski fite 1974an, Urepeletik Baigorrira etorri zen familia, han okindegi handiago bat idekiz.

Ramuntxo gaztetan hasi zen aitarekin lanean. Urtez urte ofizioa ikasiz eta moldatuz, 2009an okindegiko nagusigoa bere gain hartu zuen. Eta geroztik Christine bizi lagunarekin ereman dute okindegia, gaur egun arte.


Ofizioa biziki aldatu da

Aldaketa handiak ikusi dituzte okin lanetan. Hastapenetan, Ramuntxo bulanjer sartu zenean, 2 kiloko ogiak ziren nagusi: egun guziez ehun bat saltzen zituzten, eta bagetak, aldiz, hogei bat baizik ez. Garai hartan, ogi mota bakarra aski zen.

Gaur egun, arrunt aldatu da. Ogi mota ainitz galdegiten ditu jendeak, eta gainera, beti ogi beroa nahi izaiten dute. Horrek erran nahi du ogia egunean bederen bi aldiz erre behar dela.
Beste aldaketa aipagarri bat ere azpimarratu dute: jendeak lehen baino ogi gutiago jaten duela orokorrean.

Christine eta Ramuntxok beren ofizioa beti maite izan dute, eta maitasun hori ageri da beren erranetan, juntatu erreportaian kondatu daukuten bezala.


Erretreta aitzin, trantsizio lasaia

Ramuntxo eta Christinek ez dute oraino erretretaren adina,  baina aski aitzinetik nahi izan dute prestatu : 3 haur dituzte, eta ez da nehor ofizioaz interesaturik. Okindegia saltzea erabaki dute, justuki erretretako adinean segidaren arrangura horren ez ukaiteko. Joanden primaderan haien irin saltzaileari aipatu, eta joanden udan bikote bat agertu zen segida hartzeko prest. Salmenta uste baino errexagoa eta zaluagoa izan da. Salmentan lagungarri izan da okindegiaren gainean proposatzen zuten bizitegia ere bazela, eta horrek dudarik gabe, erosle berrien interesa ere piztu du.


Etorkizun berria Baigorriko okindegiarentzat

Baigorriko okindegia jabe berrien eskuetan da orain. Otsailaren 5etik aitzina berriz idekia izanen da "Bien artean" okindegia. Ogiaz gain, patizeriak ere proposatuko dituzte, baita ogitartekoak ere.

Interesgarri izanen zaizu