Libertimenduen sasoinak Baigura inguruan segitzen du aste hondar honetan. Amikuze eta Garazi ondotik, igandean Luhusuko plazan finkatua da hitzordua, 10:00etan, zirtzilak, bolantak, musikariak eta bertsolariekin libertitzeko.
Amikuze eta Garazi ondotik, asteburu honetan Luhusoko plazan dugu hitzordua Baigurako zirtzilak, bolantak, bertsolariak eta musikarien konpainian. Otsailaren 22an, igandez, 10:00etan hasiko da eguna kabalkadarekin.
Iaz Baigurako libertimenduak Heletako plazari itxura ezin zoragarriagoa eman zakon. Otsailean usutan gutti ikusten dugun eguzki eder baten pean, musikak, koloreek, xingolek, zirtzilkeriek eta oin ederrek Baxe Nafarroako ikusle guzien kuriositatea bete zuten.
Aurten ber helburua dute Baigurakoek. Taldean, hamabost zirtzil dira aurten, erdia hasiberria. Urrian hasi ziren biltzen asteburu guziz, ibiakoitzez, usu, testuaren idazteko eta inprobisaketen egiteko. Geroztik, geroz eta usuago elkartzen dira, asteburu osoan azken aste horietan, baita astean zehar batzuetan ere, materialaren prestatzeko, hitzen zorrotzeko, eta haien bost emanaldier azken orrazialdia emaiteko, igandeko emanaldia aitzin.
Dantzariak ere lanean ari dira aste hondar honetako emanaldia ezin liluragarriago izaiteko. Aurten, hogei dantzari arituko zauzku, eta horietan hainbat aurpegi berri. Aurpegi berriak, baita jantziak, dantza, eta pertsonai berriak ere. Sorpresa atxiki daukute.
Baigurako musikariek diete erritmoa emanen, eta bertsolariek urratser botza emanen. Aurten Alaia Martin eta Ramuntxo Christy dira bertsotan arituko. Ondotik lekuan berean jateko, 06 30 88 57 58 zenbakira deitu.