Donapaleu (Baxe Nafarroa)

Bakartasunaren haustea eta gazteen aloimenduaren errextea, errezeta irabaztuna Maillage elkartean

Maillages elkarteak belaunaldi arteko kohabitazio solidarioak bultzatzen ditu. Lapurdin hedatua bada ere sarea, Barnekaldean garatzea du helburu. Horren kari, antzezlan bat aurkeztuko dute Donapaleuko Saint Louis zine gelan abenduaren 18an.

Bakartasunaren haustea eta gazteen aloimenduaren errextea, errezeta irabaztuna Maillage elkartean
Abenduaren 18an, ostegunez, 15:00etan “Viens chez moi, j'habite chez une mamie » antzezlana aurkeztuko du Maillages elkarteak Donapaleuko Saint Louis Zine gelan. IRULEGIKO IRRATIA
Xarlot Etxeberri
2025/12/18 11:11

Maillages elkarteak belaunaldi arteko kohabitazio solidarioak bultzatzen ditu. Lapurdin hedatua bada ere sarea, Barnekalderuntz hurbiltzea espero dute heldu diren hilabeteetan, eta horren kari Donapaleuko Saint Louis zine gelan antzezlan bat aurkeztuko dute abenduaren 18an, ostegunez.

2012an sortu zuten elkartea. Hamahiru urteko esperientziaren ondotik, 2025ean, hogeita hamabi bikote osatu ditu elkarteak Ipar Euskal Herrian. Zenbaki ederra, baina ez dute hortaz satisfatu nahi, eta haien eskaera barnekaldera eraman nahi dute, Xiberoan, Garazin, eta Amikuzen garatzeko asmotan.


Trukaketaren kondua...

Sortu zutelarik, bi helburu nagusirekin ibiltzen ziren sortzaileak, protagonisten beharrer erantzuteko. Alde batetik, adinekoen bakartasuna hausteko beharra ikusten zuten sortzaileek. Beste aldetik, Ipar Euskal Herriko etxebizitza testuinguruari begira, gazteen aloimendua errexteko eta ahalbidetzeko nahikeria bazuten.

Bakartasunaren hausteaz gain, adinekoak bere baliagarritasuna atxemaitera bultzatzen du kohabitazioak. Pierre De Nodrest elkarteko sortzailearen arabera, usu, adinekoak balios senditu ziren haien bizi osoan, lana edo aisialdier esker. Baina behin erretretara heldu eta, sentipen hori galtzen dute eta debaldetasun hori pairatzen dute. Hori dela eta, kohabitazioak ikustatea ekartzen die, konpainiaz gain.

Adinekoari dagokionez, norbaitekin bizitzea bakarrik egoiteko beldurra kentzen baldin bazakote, eta mintzatzeko bizilaguna ekaintzen bazakote, gazteen bakartasunaren pisua ere ez da ukatu behar. COVID garaian ontsa ageri zen bezala, gazteek ere bakartasuna azkarki pairatzen ahal dute.


Kezken jabaltzeko elkartearen artekari rola.

Alabaina, ez da bortxaz errex, nola norbaiti bere atea idekitzea, hala norbaiten etxean, bizian eta egunerokoan sartzea. Gaur egun, jabetasuna eta indibidualismoaren garaian, kezka pila bat metatzen dira holako kohabitazio bat sortu baino lehen. Aurre iritziak apurtzen entseatzen da elkartea, oztopo horiek baztertzeko gisan: “Gazteek nahas-mahasa jakatzen dute”, “adinekoek maniak badituzte”... Elkar bizitzak eta egunerokoak aurre iritziak baztertzen laguntzen dutela erakutsi nahi du Maillages-k.

Arartekotasuna segurtatzen du elkartea, kohabitazioa hasi aitzin, eta gero. Hastapen batean inkesta bati erantzuten diete bi protagonister: zer xekatzen duten, zer baduten proposatzeko, zein diren haien kezkak... Bikotea bata besteari egokia izaiteaz segurtatzen da elkarteko ekipa.

Bikotea bere elkarbizitza hasi ondotik ere elkarteak artekaria izaiten segitzen du. Esperientzia aberasgarria bada ere, konplikatua izaiten ahal da ere, eta elkartearekin aritzeak arazoak legalki konpontzen laguntzen du. Mayi Larzabal elkartean da eta gazteak aterpetzen ditu bere etxean. Bere ikuspundutik, elkartetik pasatzeak bere burua babestea ahalbidetzen du, komunikazioa errexten du, eta kezkak kentzen ditu. “Idekitzen dakozularik zure atea pertsona bati, Maillage elkartearekin egiten duzularik kontratua, badakizu arazo bat baldin bada jinen direla arazoen konpontzeko eta eztabaidatzeko”.

“Idekitzen dakozularik zure atea pertsona bati, Maillage elkartearekin egiten duzularik kontratua, badakizu arazo bat baldin bada jinen direla arazoen konpontzeko eta eztabaidatzeko”.


Elkarbizitza zutabe gisa kohabitazioan.

Aloimendu merkearen motibazioak ez du arrazoin bakarra izan behar sisteman parte hartzeko. Elkarbizitza lehentasuntzat jotzen du elkarteak. Horregatik, bi posibilitate desberdin eskaintzen ditu.

Lehen dispositiboa, solidarioa deitzen dute. Interakzioak kontratuan izenpetzen dituzte protagonistek: aste guziz, hiru egunez, eta bi astetarik behin, bi orduz elgarrekin pasa behar dute bizilagunek. Elgarrekin kozinatzea, jokoan aritzea, telebista so egitea... Aukera guziak posible dira, momentu goxoaren pasatzeko delarik. Kasu honetan, 100 €-koa da gazteak pagatu behar duen alokairua.

Beste dispositibo batek interakzio guttiago segurtatzen du. Kontratuan, interakzio beharrezko horiek ez dira idatziak, eta beraz gaztearen partizipazioa handiago da, 250€-koa. Alabaina, diru-laguntzak berreskuragarriak egoiten dira alokairuaren pagatzeko.

Bakoitzaren emeier egokitzen zakote elkar bizitza. Adibide gisa, Mayi Larzabalek hiru gazte aterpetu ditu jadanik, bere senarra zendu ondotik. Osasun ona duela eta, bere independentzia atxikitzea garrantzitsua zen beretzat. “Elgarrekin indepentzian eta elkartasunean bizi gira, batzuetan elgarrekin, batzuetan bakoitza bere aldetik”.

“Elgarrekin indepentzian eta elkartasunean bizi gira, batzuetan elgarrekin, batzuetan bakoitza bere aldetik”


Abenduaren 18an, ostegunez, 15:00etan “Viens chez moi, j'habite chez une mamie » antzezlana aurkeztuko du elkarteak Donapaleuko Saint Louis Zine gelan.

Interesgarri izanen zaizu