Baserrialdeek etorkizunik badutea? Galdera horren inguruan 200 bat lagun bildu ziren azaroaren 4an Donapaleuko zinema gelan, Departamenduak antolaturiko hitzaldian.
Hautetsiak eta gizarteko hainbat eragile bildu ziren Donapaleun, baserrialdeen geroaz gogoetatzeko. Salomé Berlioux Rura elkarteko presidentea, Anthony Cortès kazetaria eta Le Réveil de la France oubliée liburuaren idazlea, Sylvie Brunel Sorbonako Unibertsitateko geografia erakaslea eta Mathieu Pourrillou Xiberoko enpresa burua izan ziren hizlariak.
Departamenduak azken urte hauetan gai horren inguruko gogoeta eta hitzaldiak antolatu ditu. Aurtengo hitzordurako, Donapaleu hautatu du, baserrialdeek etorkizuna izan dezaketen ala ez galderari heltzeko.
Laborantza ereduaren inguruko eztabaida
Hitzaldian eztabaida bizia piztu zuen Sylvie Brunelen ikuspegiak. Geografoaren arabera, baserrialdeen etorkizuna laborantza produktibistaren inguruan eraiki behar da, etxalde sendoagoekin. Brunelen ustez, departamenduko etxaldeak ttipiegiak dira: 33 hektareakoak dira batez beste, Frantziako batez bestekoa 69 hektareakoa delarik.
Ikuspegi horri ihardetsi zion hitzaldian parte hartu zuen laborari batek, Euskal Herriko etsenplua aipatuz eta beste laborantza eredu batzuk ere badirela oroitaraziz. Lekukotasun horrek eztabaida piztu zuen entzuleen artean.
Hiriaren eta baserriaren arteko harremana
Hitzaldian, hiriaren eta baserri munduaren arteko harremana ere aipagai izan zen. Bi eremuak ez dira elgarren etsai, ez eta lehian ere; bakoitzak bere erritmoa eta bere errealitatea ditu Bestalde, eskuin muturraren gorakadak sortzen duen beldurra ere agertu zen solasaldian, baita haren ilusio faltsuak salatzeko beharra ere.
Pettan Ayçaguer Donapaleuko auzapezak eta Jean-Jacques Lasserre Departamenduko lehendakariak Donapaleuk baserrialdeen geroari begira eredu izateko duen gaitasuna aipatu zuten. Haatik, baserrialdeen etorkizunari buruzko galderak zabalik segitzen du, bereziki zer laborantza eredu garatu nahi den erabakitzeko orduan.