Irisarrin jadanik bi biztanle kooperatiba dira, baina ereduak ez du oraindik merezi duen oihartzunik. Abenduaren 3an, 20:30ean, Denen Etxean eginen den bilkura publikoan, egitasmoaren funtzionamendua, esperientziak eta aukerak plazaratuko dira.
Bi proiektuak Irisarrin aurkitzen dira. Bata da Etxegoinia etxean duela bizpahiru urte muntatu zena. Bestea berriz Bidartea etxean iaz abiatu zen etxebizitza kooperatiba proiektu berria. Biak molde bereko egiturak dira, biztanle kooperatibak.
Nola funtzionatzen du biztanle kooperatibak?
Etxebizitza proiektu amankomun bat duten herritarrak kooperatiba baten bidez biltzen dira; kooperatiba horren kide bilakatzearekin, kooperatibak etxe bat erosten du eta barnean apartamenduak eraikitzen ditu kideentzat. Kide bakotxak hilabeteko alokairua ordaintzen dako kooperatibari, eta horren bidez bermatzen dira maileguak, mantentze gastuak eta egituraren funtzionamendua.
Berezitasun nagusietako bat da jabetza indibiduala baztertzen dela: etxeak kolektiboki erosten eta antolatzen dira, eta alokairu mailak kontrolatuak eta egonkorrak izaiten dira. Eredu hau defendatzen dutenen arabera, hau izan liteke Euskal Herrian bizi den etxebizitza espekulazioaren aurkako aterabide eraginkorrenetariko bat.
Bilkura publikoa: esperientziak, aholkularitza eta ikuspegi zabalagoa
Bilkura publikoan bi kooperatibetako ordezkariek beren esperientzia eta ikuspegia partekatuko dituzte. Haiekin batera izanen da At Coop egiturako teknikaria den Alia El Gaieb ere. At Coop, Akitania mailan den etxebizitza kooperatiben federakuntza da, eta proiektuak martxan jartzeko laguntza tekniko eta administratibo handia eskaintzen du.
Laguntza bi mailatan ematen du: alde batetik, kooperatiben muntaketa juridiko eta administratiboa, gobernantza aholkuak eta antolaketa laguntza; eta bestetik, lan politiko bat erematen du, legeen moldaketa egokitu eta kooperatibak eredu alternatibo gisa aitortuak izan daitezen. Adibide bat da Bordaleko eskualdean lortu den Alur legearen moldaketa, etxebizitza kooperatibak alokairu sozialeko antolakunde gisa kontsideratzea ahalbidetu duena.
Eredu ireki eta herritarra
Bizilagunen kooperatiba eredua irekia, eskuragarria, herritarra eta espekulazioaren kontrakoa dela azpimarratu dute etxebizitza kooperatibako kide diren Bidarteako Camille Vignerot eta Etxegoineko Iñaki Etxelekuk.
Proiektua ezagutzeko edo informazio gehiago eskuratzeko interesa duen edozoin gomitatua da abenduaren 3an, 20:30ean, Irisarriko Denen Etxean eginen den bilkura publikora.