Libre kolektiboak defenditzen du kabalen txertaketa hautuzkoa izan dadin, txertaketa masiboa kondenatuz. Anartean, Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertoa ukatu duten laborariei salmenta oro debekatu diete. Sustenguaren beharretan dira.
Libre kolektiboa sortu zen urte hastapenean, Dermatosi nodular kutsakorraren kontrako txertaketa masiboaren salatzeko, Baionan, Ipar Euskal Herriko eta Okzitaniako hazleak.
Théo Salamon Beskoitzeko laborari eta Libre kolektiboko kidearekin mintzatu gara, bi hitzordu baitituzte: alde batetik, uztailaren 3an, Tarbesen (Okzitania), Plan B gelan, kontzertuak eta DJak, 19:00etatik goiti, txertaketa librearen alde eta kabalak txertatu ez dituzte laborarien sustenguz.
Eta, bestalde, uztailaren 5ean, Bidarraiko Artetxea gelan, 10:00etatik 13:00etara, Ekuadorko Mama Avelina Rogel agroekologistarekin juntatuko dira, gerlaz mintzatzeko.
Théo Salamonek oroitarazi digu zertarako xuxen sortu zen LIBRE kolektiboa: ez direla txertoaren kontra baina bai txertatu edo ez hautatzearen aldekoak.
Gatazka juridikoan sartuak dira haien eskubideak defendatzeko. Diotena da eritasun hori ez dela lanjerosa, aspaldi Europan dagoen eritasuna da eta berrogeialdian ezartzen zituzten behiak. Biziki guti dira horretatik hiltzen direnak eta behin bilduz gero, imunizatuak direla bizi guzirako.
Alta, Europar Batasunak lanjeros gisa sailkatu du eta txertoa urte guziez ezartzeko beharra sortu du. Libre kolektiboak ez du ulertzen zerendako ezin duten konfiantzarik eman kabalen imunizazio naturalean.
Are gehiago, presio pean kabalak txertatu dituztenek behiak galdu dituzte, edo sortu gabe ere, esne-hazkuntzan ere galtzeak ukan dituzte…
Txertoaren egiaztatze-eza salatzen dute, gibelapen-eza, beharko liratekeen ikerketak bururaino ez eramatea.
Funtsean, laborariek, orainokoan, ez dute hauturik: Estatuak laborariari ez baitio uzten hautatzen, erranez txertatzen ez duen laborariak beste hazleak lanjerrean ezartzen dituela. Alta, behin txertatu-eta, teorian, kabalak ez luke eritzeko arriskurik.
Oraingo egunean, hamar bat hazle dira oraino haien behiak txertatu ez dituztenak, eta horren ondorioz, aktibitate ekonomikoa blokatuak dituzte, salmenta oro debekatua baitute.
Preseski, horretan laguntzeko dute antolatu Tarbeseko hitzorduak: laborarien sustenguz. Collectiflibre.eu webgunean ere dirua eman daiteke.

Théo Salamonek ohartarazi du krisi biziki handia gertatzen ari dela laborantzan, desagertzen ari baitira laborariak, eta laster ezin izanen dela tokian tokiko jatekorik atzeman eta horrek ekarriko luke Mercosur bezalako tratatuetan sartzea, planetaz bestaldeko elikadura ekarraraziz.
Horretarako, Libre kolektiboak deitzen du etxalde ttipien defenditzea eta subiranotasuna bermatzea.