Belaun kooperatibak urteroko besta antolatzen du bazkari baten inguruan

Agorrilaren 13an izanen da apairua, Alduden. Lekuko eta kalitatezko haragia xerbitxatua izanen da menuan, eta denak ongi etorriak dira.

Belaun kooperatibak urteroko besta antolatzen du bazkari baten inguruan
Christelle Sorhondo, Belaun kooperatibako langilea. IRULEGIKO IRRATIA
Nahia Etxeberri Lopepe
2026/08/10 08:00

Duela hamabost bat urte eraiki zen Belaun kooperatiba, Aldudeko ibarreko laborarien eskutik. Baigorri, Banka, Aldude eta Urepeleko etxaldeen haragia prestatzen eta saltzen ibili izan da geroztik. Kintoa sor-markako xerrikia da beren lehen ekoizpena, baina pirenaika ahatxekia eta sasoia delarik bildoskia ere lantzen dituzte.

Urte guziz bezala, bazkari baten inguruan ospatuko dute kooperatiba. Agorrilaren 13an iraganen da, Alduden. Han Belaunen mozkinez gozatzeko parada izanen da: kinta xingarra, haragia plantxan, patata fritak, lekuko ardi gasna, Bankako euskal bixkotxa ezagunak, eta Urepeleko izozkiak. Kafea eta arnoa ere izanen dira. 28 eurotan da bazkaria.

Besta hunen helburua Belaunen lana eta lekuan bereko kalitatezko mozkinak erakustea da, eta baita kide eta langileen artean elkarlanean zerbait antolatzea ere. Nahi duena ongi etorria da, eta hobe da lekua aitzinetik hartzea, kooperatibara deituz.

Interesgarri izanen zaizu