Irulegiko Irratiak eta Amikuzeko Irratiak denboraldi berria aldaketa batzuekin abiatzen dute. Programazioan berritasunak izanen dira, historia, natura, kultura eta haurrei zuzendutako tarteekin.
Baxenabarreko irratiek denboraldi berria abiatzen dute, erredakzioan eta programazioan aldaketa batzuekin. Iñaki Etxeleku kazetaria irratira itzuliko da. Gure Irratian, Berrian eta Iparraldeko Hitza-n aritua da.
Programazioan, goizeko 06:30etarik aitzina, Goiz Berri saioak aktualitatea landuko du. 08:15etarik 10:00etara Baxenabarreko harat-honatak izanen dira aipagai. Egun guziz laguntzaileekin ondo kronikak entzuten ahalko dira. Astelehenetan, Alex Artzelusek euskararen inguruko gogoetak ekarriko ditu, eta Antton Castoreok historiari buruzko kronika bat eginen du. Gabriel Durrutyk ingurumenari buruzko tartea eskainiko du astearteetan hamabostetarik Kalakan saioan. Gure ondarea saioarekin itzuliko da Daniel Arbeletxe. Haurren botzek ere lekua ukanen dute, hainbat ikastolatara joanez haien ikuspegia eta hitza uhinetara ekartzeko.
Ostegunetan, Eleketan saio berrian, Terexa Lekunberrik Euskal Kultur Erakundearentzat egin elkarrizketetako lekukotasunak berreskuratuko dira. Bestalde, Petzero itzuliko da hamabost egunetarik behin, eta Gainazpika saioarekin aldizkatuko da. Igandeetan, 10:00etan, Gure altxorrak saioak irratiaren 44 urteko artxiboa miatuko du, bereziki kantaldi batzuen grabaketak numerizatuz eta berriz uhinetara ekarriz.
Irulegiko Irratia elkarteak, orotara, sei lanpostu eta erdi ditu zortzi langileren artean. Sostengu kanpainak segituko du, eta Oihartzuna elkartearen inguruan talde bat osatzen ari da kanpainako animazioak antolatzeko. Elkartea, irratia bezala nahi duen orori idekia da.