Garazi eta Azkarateko Ikastolako burasoek antolatutako arratsaldeak bi pilota partida, bertso saioa eta ostatu eskaintza bilduko ditu uztailaren 4an, Donibane Garaziko plazan.
Garazi eta Azkarateko Ikastolako burasoek bertsoa eta pilota uztartuko dituen arratsalde berezia antolatu dute uztailaren 4rako, Donibane Garaziko herriko plazan. Kirola eta kultura uztartzeaz gain, giro goxoa bermatzeko jateko eta edateko parada ere izanen da.
Lehen hitzordua 16:30ean izanen da. Ados Pilota Elkarteko emazte pilotariek esku-huskako partida jokatuko dute: Agirre eta Ernaga ariko dira Iriarte eta Mujikaren aurka.
18:00etan, berriz, gizonen desafioak hartuko du lekukoa. Bixente Çubiat eta Iñaki Etxegoin ariko dira Hegoaldeko profesional ohi izan diren Mikel Goñi eta Urruzolaren kontra.
Pilota partiden artean Nahia Sasco eta Mizel Mateo bertsolariak ariko dira arratsaldea girotzen. Sartzea 10 eurokoa izanen da 12 urtetik gorakoentzat.